Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urria »  Iritziak »  Sokatira

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Euskal sokatira eta nazioarteko txapelketak

Luis Gurrutxaga (Nuarbe sokatira taldeko presidentea)

Azken hilabetean, sokatirako kirolean hainbat esamesa eta iritzi zabaldu da batik bat komunikabideetan. Sakanako neska taldeak hartu erabakiak, Japoniako Munduko Jokoetan, ekarri du kate luzea eta ondorio gogorrak sokatirako taldeei. Nafarrak urrezko domina lortu eta podiumetik jaitsi ziren Espainiako bandera eta ereserkiaren ezarpena ez jasateko.

Boteprontoan botatako iritziak eta batik bat sokatira mundua ezagutzen ez duen orok, «ondo egina» zegoela entzun dugu. Baina hor gabiltzanontzat ondorioak ikusita, erreparo bat baino gehiago jarri diogu gertatutakoari.

TWIF (Nazioarteko Federazioa) 1960an sortu eta 1978an hemengo sokatira kide bihurtzen da, baina Spain izenarekin. Euskal sokatirak 1980an ofizialki lehen aldiz parte hartzen du Suitzan. Jantziak, ikurrak eta tiralarien sinbologia euskalduna da (itxura, selekzioei dagokiona: galtza txuriak, atorra berdea ikurrinarekin eta galtzeta gorriak), baina sailkapen tauletan eta desfilean daramaten txartelak Spain dio. Baina lehen postua lortuz gero, podiumera igotzean euskal taldeei TWIFeko bandera eta beste ereserki bat, kanta famatu baten oinarritua jotzen zaie. Zelaietan sentimendu bikoitza sortzen zuen zaletu eta tiralarien artean: batetik euskaldun sentipena, baina «spain» bozeragailuetatik entzutean... bestelakoa.

Ezagunak dira txapelketetan egindako aldarrikapenak, euskalduntasuna agertzeko: «spain» zeraman txartela estali edo desagertarazi, ikurrina atera podiumera, eta abar. Egoera zuzentzeko egon da saiakerarik, baina bistan da antzuak izan direla. TWIF-en egindako bozketak, bi, emaitzak aurkakoak izan dira. Azkena duela bi urte.

Japoniako Jokoak ez ziren TWIFek antolatutakoak. Lau urtetik behin joko ez-olinpiarren Jokoak (World Games burutzen dira eta antolamendua COIren kide den erakundeari dagokio. Duela lau urte Finlandiako jokoetan Euskadik (nuarbetarrak ziren ordezkariak) urrezko domina lortu eta gero, espainiar ereserkia eta bandera nahi izan zioten inposatu, baina TWIF-eko akordioan oinarrituz, trantzetik aske irten zen. Garbi utzi zuten ordea hurrengoan, Japonian ez zela horrelakorik gertatuko.

Duela bi urte TWIFek gogorarazi zion hemengo Federazioari zein baldintzatan joan behar ziren Japoniara. Euskal taldeen artean eztabaidatu ondoren, dirudienez, onartu zen joatea ezarritako baldintzatan. Esan Eusko Jaurlaritza Japoniako baldintzen jakitun zela eta dirua ematen duela bidaia antolatzeko.

Iritsi dira Jokoak eta jakina da gertatutakoa. Hortik aurrera, dakiguna. TWIF jakitun denean berdina gerta zitekeela hurrengoetan, ez die uzten, ez neskei, ezta ere mutilei parte hartzen. Bat bateko ondorio zuzena. Eta helarazten dizkio hemengo federazioari, aurrerantzean nazioarteko txapelketetan, zein baldintza bete behar dituzten: jantzietan inolako euskal ikur edo izenik ez eta podiumean bandera eta ereserki espainiarra. Espreski onartu edo bestela etxean gelditu. Horrez gain, TWIFek dio Espainiako beste autonomia batzuk informazioa eskatu dutela Nazioarteko kide edo partaide izateko (?).

Gauzak horrela eta lur gaineko Europako Txapelketak heltzear zeudenez, Euskadiko Federazioak deituta, goma, zein lur gaineko talde ia guztiak (14) bildu ziren egoera aztertu eta aurrera begira zer egin. Erabakia? Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta Federazioko ordezkariek negoziatu zezatela TWIFekin lehengo baldintzetara itzultzea: Spain izena, baina hemengo jantzi eta ikurrak eta ereserki eta bandera espainiarrik ez. Saiakera alferrikakoa. Dena den, Klub mailan parte hartzen uzten zaigu, aurtengoz, nazio mailan ez.

Egia esan etorkizuna nahiko ilun ikusten da. Co Koren, TWIFeko agintaria, guztiz aurka agertu da lehen eta orain. Ez zaio gustatu Japoniako gertaera, hemengo prentsaren trataera. Garbia da denen lana dela, baina batik bat bulegoetan egin beharrekoa. Horretan Federazio eta Gobernuko ordezkaritzak hartu behar du ardura nagusiena.

Aurtengo txapelketak hankamotz gelditu badira ere, gerta daitezke azkenak, euskal partaidetzari dagokionez eta ekar dezake taldeen desagerpena. Beraz, egoera tamalgarria. Ez dezagun gal esperantza osoa eta ea datorren urtean Hego Afrikan euskal sokatira ikusteko parada dugun. Hala bedi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak