Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urria »  Bertsolari txapelketa »  Xebaxtian Lizaso

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa

Xebaxtian Lizaso: «Txapelketako nire garaia bukatu da, orain ez baitut lehengo ilusio hori»

  (Bertsolari Aldizkaria)

Xebaxtian Lizaso 1982tik hutsik egin gabe dago Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean, baina aurten ez da izango, ez parte hartzea erabaki baitu. «Erreta» dago.

Zergatik ez duzu irtengo aurtengo txapelketan?

Txapelketako nire garaia pasatu dela uste dudalako. 1982tik Belodro-moan egon naiz, eta badut gogoa eta kapritxoa egun horretan bertsoak en-tzuten gozatzeko. Erreta ere banago txapelketarekin. Izan ere, lehiak erre puntua ere badu. Txapelketak asko ematen du, baina asko kentzen du.

Irabazteko gutxi eta galtzeko asko ikusten al zenuen?

Ez. Faseak daude eta nire garai hau bukatu da. Gainera, orain 43 urte ditut eta jada ez dut lehiaketarako lehengo ilusio hori ere. Txapelketan irtenez gero, konfiantza izango nuke neuregan, baina uzteko une egokia da.

Harmailetan arraro sentituko zara...

Bai, badakit arraro sentituko naizela ikusleen artean, baina probatu ez dudan gauza bat probatzeko aukera izango dut behintzat egun horretan.

Finaleko txartela lortua zeneukan, 1997koan bigarren eginda...

Ba horrexegatik ere egin diot uko txapelketari; finaleko txartela eskuan izango ez banu eta kanporaketak pasatu beharko banitu, seguru asko txapelketan parte hartuko nuke. Baina uste dut, finaleko txartela eskuan nuela, lagatzeko une egokia dela hau, jendeak podiumetik erretiratzen jakin behar duelako lehiaketatik, eta aholku hori neuretzako aplikatu dut oraingo honetan.

Eta 1997an txapeldun izan bazina erretiratuko al zinateke?

Andoni Egañak dio berak txapela defenditu beharra duela. Nik kasu horretan ere utzi egingo nioke txapelketan parte hartzeari.

Hain justu noiz erabaki zenuen gehiago ez irtetea?

1997ko finaleko egunean bertan. Ordukoa ez zen erabaki zehatz-zehatza, baina bai nuela nahikoa seguru hura izango nuela azkenekoa. Bertsozale Elkartetik izan ditut presioak, irteteko esaten zidaten, zalantzan egon naiz, baina azkenean ez dudala irtengo erabaki dut.

Eta 1997ko finaleko egun hartan noiz erabaki zenuen, goizeko saioan, kaskarra atera zitzaizula-eta?

Ez, ez. Goizean estu ibili nintzen, baina oholtzan ez dago erabakitzerik. Bazkaltzen erabaki nuen.

Azpeitiarrik ez da izango finalean. Hori arraroa da, ezta?

Arraroa, bai. Euzkitzek utzi zuen, nik ere bai, zaharrek ere bai lehenago, eta Euzkitzetik gazteenera arte ez da inor atera, eta, beraz, hurrengo txapelketarako baten batzuk prestatu beharko ditugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak