|
|
|
Bertsolaritza
Azpeitiarrak, ohikoak txapelketan eta finalean
|
|
Eusebio Eizmendi `Txapel´, goiko lerroan ezkerrean, 1936an, Donostian, Euskal Herriko II. Txapelketako finalistekin. Behean, erdian, Txirrita -bera izan zen irabazlea-.
(Xenpelar D.Z.)
|
|
|
|
(Sendoa)
|
|
|
|
Joxe Lizaso eta Joxe Agirre 1959an, Eibarren, Gipuzkoako Txapelketan. Ez ziren sailkatu nagusirako.
(Sendoa)
|
|
|
|
Joxe Luis Gorrotxategi osintxuarra -ezkerretik bigarrena-, 1967ko finalean, Donostian. Handik urte gutxira etorri zen Azpeitira bizitzera. Ezkerrean Txomin Garmendia ageri da.
(Sendoa)
|
|
|
|
Xebastian Lizaso, 1986an, txapelarekin; 28 urte zituen.
(Xenpelar D.Z.)
|
|
|
|
Xabien Euzkitze, 1993an, bigarren atera zuenean.
(Egunkaria)
|
|
Orain arte Euskal Herriko 11 Bertsolari Txapelketa jokatu dira, eta azpeitiarrak beti aurrean ibili izan dira.
1935: TXAPEL TARTEAN
Espainiako diktaduren artean (Primo de Riveraren diktaduratik Francorenera), Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi erakundeek Euskal Herriko bi «Bertsolari Gudu» antolatu zituzten; aurrena, 1935. urtean. Urtarrilaren 20an izan zen, San Sebastian egunean, Donostian, Poxpolin antzokian –Kursaalen–. Kanporaketarik jokatu gabe, 22 bertsolarik eman zuten izena, eta han bazen azpeitiarrik: Eusebio Eizmendi Urdanpileta Txapel. Jaiotzez errezildarra zen –1893an sortu zen–, Antxiturbi-Goikoa baserrikoa –Txapel ezizenez ere ezaguna–, baina bere bizitzako urterik gehienak Azpeitian egin zituen –75 urterekin hil zen–. Joxin Iturriozek bere Urolaldea Bertsolari liburuan dio azpeitiar bertsolariek «patroia» aukeratu beharko balute, Txapel hautatuko luketela. Garai itxaropentsuak ziren haiek Euskal Herriarentzat, eta nabari hori Txapelen bertsoetan ere: «...ainbeste anai eta a´reba eldu gera alka´rena / au da gauza bat euskaldunaren maitasunak daka´rena», «Nere biotza arkitutzen da alaitasunez betia / ikusirikan emen guziak daukagun borondatia / O´regatikan pentsatu det nik alabantzak ematia / itzalditxo bat egin gabe gaur ez da komeni yoatia / beti goratzen saia gaitezen gure euskera maitia». Inoiz txapelik kentzen ez zuen gizon hura –«behar denean soilik», esaten zuen–, ez zen onenen pare aritu. Iñaki Eizmendi Basarri izan zen irabazle, Matxin bigarren, Akilino Izagirre Zepai hirugarren –Azpeitian jaioa zen arren, errezildartzat jotzen zen Zepai, hara joan zelako bizitzera; gero Idiazabalera–. Urolaldea Bertsolari-n ageri den bezala, 1955ean Azpeitira bizitzera etorri zen itziartar batek ere hartu zuen parte final hartan: Juan Mari Salegi Kortatxo-k.
1936: TXAPEL FINALEAN
Berriz ere mikrofonorik gabe kantatu zen txapelketan, berriz ere azpeitiar bat izan zen azken saioan: Txapel berriz ere. Orduan 30 bertsolarik hartu zuten parte –bizkaitarrik ez zen agertu–, eta finalaren aurretik hiru saio jokatu zituzten; haietako bat Azpeitian. Saio hartan 11 bertsolari aritu ziren lehian, eta haietatik bi herrikoak: Txapel bera eta Juanito Goikoetxea Akotegi edo Orkazarre. Uztapidek orduan zioenez, «Azpeiti-Azkoiti buelta honetan bertsolariak perretxikoak bezela sortu ziran» garai haietan. Zepai geratu zen aurrena Azpeitian, Txapel bigarren, Uztapide hirugarren. Finala, berriz, urtarrilaren 19an jokatu zen, Donostian, Victoria Eugenia antzokian. Finalisten artean zen Txapel. Joxe Manuel Lujanbio Txirrita-k irabazi zuen –urte berean hil zen–. Txapel bost lehenen artean ez zen sailkatu.
1960: INOR EZ FINALEAN
Urte hartan hasi ziren berriro Euskal Herriko Txapelketa antolatzen; hain zuzen, Euskaltzaindiak hartu zuen ardura. Afi-
txetan-eta Campeonato mundial de bersolaris bezala iragarri zen txapelketa nagusia. Donostian, Victoria Eugenian jokatu zen finala, eta ez zen azpetiar finalistarik egon. Izan ere, aurreko urtean Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Eibarren, azaroaren 8an, eta antolatzaileek herrialdeko zazpi bertsolaririk «ezagunenak edo famatuenak» hautatu zituzten, eta saioko bi aurrenak baino ez ziren sailkatuko Euskal Herriko final nagusirako; Gipuzkoako txapelketa hartan Joxe Lizaso eta Joxe Agirre azpeitiarrak izan ziren, baina lehen biak Uztapide eta Joxe Joaquin Mitxelena geratu ziren, eta beraz, Lizaso eta Agirre final nagusira batere ez. Basarri izan zen irabazlea.
1962: BERRIRO INOR EZ
Berriro Euskaltzaindiak antolatu zuen, modu zabalagoan antolatu ere, guztira hamazazpi kanporaketa jokatu zirelako. 84 bertsolarik hartu zuen parte. Haietatik bi baino ez ziren azpeitiarrak: Imanol Lazkano eta Jexux Azkune Iztinge. Biak Azpeitiko kanporaketan aritu ziren, abuztuaren 2an, eta Lazkano izan zen irabazle, baina gero Eibarren, Gipuzkoako azkenaurreko saioan, kanpoan geratu zen. Final nagusian, beraz, azpeitiarrik ez. Finala Donostian, Astorian jokatu zen; irabazle, Uztapide.
1965: ORDUAN ERE EZ
Ehun eta hamabost bertsolari aritu ziren kanporaketetan. Haien artean azpeitiar bat: Jexux Iztinge. Dena den, beste lau bertsolari ere azpeitiartzat jo daitezke: Joxe Luis Gorrotxategi osintxuarra (Bergara) –azken 27 urtean, ordea, Azpeitian bizi da–, jada gurean bizi zen Joxe Antonio Salegi Kortatxo, eta orduan hemen bizi ziren Nikolas Zendoia eta Jexux Etxabe aiarrak. Inork ez zuen egin aurrera. Finala Donostian jokatu zen, Anoeta pilotalekuan, eta Uztapidek irabazi zuen atzera.
1967: GORROTXATEGI BOSGARREN
Laurogeita hiru bertsolari aritu ziren, eta finalaren aurreko kanporaketa bat Azpeitian jokatu zen: martxoaren 12an, eta bertan gurean bizi ziren hiru herritar izan ziren: Zendoia, Jexux Etxabe eta Kortatxo. Gorrotxategik Bergarako saioan hartu zuen parte. Zendoiak eta Gorrotxategik beren kanporaketak irabazi egin zituzten, baina gero azkena baino ez zen sailkatu finalera. Finala ekainaren 11n jokatu zen, Donostian, Anoeta pilotalekuan, eta bertan Gorrotxategik bosgarren egin zuen. Txapela Uztapidek lortu zuen.
1980: BI FINALEAN
1980an jokatu zen atzera txapelketa nagusia, hamasei bertsolarirekin. Azpeititik Gorrotxategi eta Angel Larrañaga –gurera bizitzera etorria zen jada, Azkoititik– ziren ordezkariak. Biak finalera pasatu ziren. Azken saioa urtarrilaren 6an jokatu zen, Donostian, Balda pilotalekuan, eta Xabier Amurizak irabazi zuen. Bigarren Jon Enbeita. Besteak, arauak zioenez, «guztiak berdin».
1982: BESTE BI
Euskaltzaindiak bertsolariak Loiolan bildu zituen, Kirurinean, kanporaketak zehazteko. eta 66 bertsolarietatik bost Azpeitikoak ziren: Joxe Mari Altuna –lehen fasean doinu gehien erabili zuelako saria irabazi zuen–, Gorrotxategi, Lazkano, Xebaxtian Lizaso eta Larrañaga. Finala abenduaren 19an jokatu zen, Donostian, Baldan, eta Lazkano eta Lizaso –24 urte– finalista izan ziren. Amurizak irabazi zuen, Jon Lopategirekin «ezparetzea» jokatuta. Epaileek ez zuten besteen sailkapenik eman.
1986: XEBAXTIAN LIZASO TXAPENDUN
Aurreko txapelketetako sistemarekin ez ziren ados bertsolari asko, eta «istilurik ez sortzearren», Euskaltzaindiak utzi egin zion antolatzeari. 1985ean Euskal Herriko Bertsolari –orain Bertsozale– Elkartea sortu zen, eta berak antolatu zuen 1986an txapelketa; Xebaxtian Lizasok irabazi zuena, hain zuzen. 91 bertsolarik eman zuten izena, eta sei ziren Azpeitikoak: Lizaso bera, Gorrotxategi, Larrañaga, Lazkano, Jexux Lopetegi eta Xabier Perez Euzkitze –20 urte–. Lopetegi izan ezik, beste bostak finalerdietara sailkatu ziren. Finalera, Lizaso baino ez. Azkena, martxoaren 23an jokatu zen, Donostian, Belodromoan lehen aldiz; zortzi mila ilkusle bildu ziren. Bertso hau bota zuen Xebaxtianek txapelarekin: «Merezi edo merezi gabe, txapel ta guzti kantari / bere zati bat eskeintzen diot hurbildu dan jendetzari / beste zati bat bihotz-bihotzez eskeintzen diot aitari / txaloak parte hartu dezuten bertsolari guziari».
1989: EUZKITZEK MAILA BIKAINA
Txapela Lopategik irabazi zuen –Belodromoan abenduaren 17an–, baina hura Euzkitzeren txapelketa ere izan zen, sailkapenean –postuka erabakitzen da– hirugarren geratu zelako, baina puntuka bigarren bere 23 urterekin. 1989koan 1986ko azpeitiarrek hartu zuten parte, Gorrotxategik izan ezik. Finalean, Euzkitzez gain, Xebaxtian Lizaso –zuzenean zegoen sailkatua– eta Lazkano ere izan ziren. Lizaso bigarren geratu zen eta Lazkano zazpigarren.
1993: EUZKITZE ETA LIZASO PODIUMEAN
Berriz ere maila bikaina eman zuten azpeitiarrek finalean: Euzkitze bigarren izan zen eta Xebaxtian Lizaso hirugarren. Biak izan ziren azpeitiar ordezkariak finalean –azken fasean ere bai–, Andoni Egañak Donostian, Belodromoan, abenduaren 22an irabazi zuen finalean.
1997: LIZASO BIGARREN l
Azpeititik Andoni Larrañagak eta Xebaxtian Lizasok irten zuten azken fasean, eta Lizaso finalera iritsi zen, bigarren eginez. Euzkitzek bazuen tokia finalean 1993ko emaitzagatik, baina ez parte hartzea erabaki zuen. Egaña izan zen Belodromoan txapeldun, abenduaren 14an.
|