|
|
|
Saninaziyuek
: Uztailaren 29rako Umeen Euskal Festa antolatu du Udalak
Umeentzako egun eta egitarau osoa Saninaziyuetan
Udala
Umeen Euskal Festa antolatzeko, garai bateko Umeen Eguna hartu da oinarri. Umeak jai eguneko protagonista izatea da helburua. Erraldoi eta Buruhandien kalejiran beste herrietakoak ere parte hartuko dute
|
|
Umeen Eguna ospatzen zeneko argazkia.
(Azpeitiko Jaiak liburua)
|
|
Azpeitiko Udalak Saninaziyuetan umeentzat bereziki prestatutako jarduerei indar eta esparru handiagoa ematea du helburu, eta horretarako, herriaren historian eredu bikaina bilatu du: garai batean Azpeitian ospatzen zen Umeen Eguna, hain zuzen ere. Egun hau eredutzat hartuta antolatu duen egitarauarekin, indar handia zuen festa berreskuratu eta festetan umeen protagonismoa sendotzea lortu nahi du.
Baina, garai batean Saninaziyuetako azken egunean ospatzen zen Umeen Eguna, uztailaren 29an egingo da. Abuztuan, dagoeneko familia azpeitiar asko eta asko kanpoan izaten dira eta, ahalik eta ume gehienak parte hartzea nahi denez, uztailaren bukaerara aldatu da festaren eguna. Izena bera ere aldatu egin zaio jai egunari, lehen Umeen Eguna zena, orain Umeen Euskal Festa izango da.
Umeak festaren erdigunea
Umeen Euskal Festaren egitarauari gainbegirada bat eman ezkero, festa egun bat gehiago dela dirudi. Goiz ereserkiarekin hasi, meza nagusiarekin jarraitu, eta hamaika ekitaldiren ondoren, dantzaldiarekin amaitzen da. Hala ere, bi bereizgarritasun garrantzitsu ditu: ekitaldi gehientsuenak umeen eskutik etorriko dira. Besteak beste, Izarraitz Txistulari Taldea, Banda Gaztea eta Musika Eskolaren esku egongo da musika; Egun batez, korporazioa bera umeez osatuko da eta dantzari taldeak ere kide gaztetxoak bilduko ditu.
Eta bigarren berezitasuna, berriz, egunean egiten diren ekitaldak gaztetxoenei zuzenduak izango direla da: zezen txiki eta poniak; pitxoi tiraketa; meza, 3 urtetik 7ra bitarteko umeentzat Olazko Amaren Plazatxoan eta 7tik 13 urtera artekoentzat Plaza Nagusian antolatuko diren jaialdiak; txokolatada, eta bukatzeko, Thelmaren musika emanaldia.
Erraldoi eta Buruhandiak
Umeen festa batean ezin Erraldoi eta Buruhandiak ahaztu, pertsonaia hauek kalejira berezia egingo dute. Desfilean, Azpeitiko Erraldoi eta Buruhandiak, ez dira, ordea, bakarrik murgilduko kaleetan barrena; beste herrietako Erraldoi eta Buruhandiekin batera ibiliko dira. Azpeitiko Udalak lanean dihardu, hain zuzen ere, sei bat herrietako Erraldoi eta Buruhandiak Azpeitira etor daitezen.
Baserritar jantzita
Euren egunean, umeak festan errazago sartzeko eta benetan ospakizunean daudela senti dezaten, jantzi bereziren bat soinean eramatea da ideia; Umeen Euskal Festaz ari garela, Azpeitiko Udalari bururatu zaio baserritarrez janztea izan daitekeela egokiena. Udalak horrenbestez, gurasoei egun horretan euren seme-alabak baserritarrez jazteko deia luzatzen die.
|