Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abuztua »  Saninaziyuek »  Jesuitak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Saninaziyuek : Loiolako komunitatean kopurua bikoiztu egiten da, baina «luxurik gabe» pasatu ohi dituzte jaiak

Jesuitak ere festan, beraien erara

Enekoitz Esnaola

Zer egiten dute Loiolako jesuitek ‘beren’ festan? Ba festa, jakina, eta beraien erara, jakina. Loiolako komunitatean kopurua bikoiztu baino gehiago egiten da egun hauetan. Elizkizunak dira haien ardatza

Jesuitak
Jesuitak.  Loiolako komunitatean kopurua bikoiztu egiten da, baina "luxurik gabe" pasatu ohi dituzte jaiak  (Enekoitz Esnaola)

Loiolan 75 jesuita egoten dira urtean zehar, baina Saninaziyuetan 200 lagunera iristen da kopurua. Normala da, jesuitetan jesuitena baita San Inazio, eta festa hauetan hori ospatzeko aukera ez dute alferrikaltzen. «Atzerritik eta dena etortzen dira Loiolara. Batik bat, Asia eta Afrikakoak, Erroman ikasten ari direnak», dio Uztarriari Juan Miguel Arregi, Loiolako jesuiten buruak (argazkian). «Bestetik, uztailean hemen egoten dira irailean jesuita sartuko diren hogei bat gazte, eta haiek ere gelditzen dira». Gazte haiei lan eginarazi egiten diete, «festetan ohi baino lan handiagoa baitugu: harrerak direla, bazkariak direla, elizkizunak...». Baina «ondo» moldatzen dira.

«Luxu handirik gabe» moldatu ere. Nahiz eta beren santuaren jaiak izan, jesuitek –herriko etxe askotan ez bezala– ez dute otorduetan ia ezer berezirik izaten. «Hemen betiere bazkari arruntak izaten dira, baina, tira, Saninaziyo bigarrengoz egoten dira entremes batzuk». Iaztik bisitari berezia dute egun horretan Loiolan: Juan Maria Uriarte Donostiako gotzaina. «Iaz etorri zen lehen aldiz, lehen urtea baitzuen karguan, eta hemen geratu zen bazkaltzen». Jose Maria Setien ez zen gelditzen, «egun horretan bertan hartzen zituelako oporrak, eta saldatxo bat hartu eta joan egiten zen», dio Arregik.

Eta bazkaldu eta gero zer? «Batzuk herrira hurbiltzen dira suzko erroberak ikustera, eta gutxi batzuk –kanpotarrak batik bat– zezenketara joaten dira».

Elizkizunak dira Loiolako jesuiten ardatza festetan. Saninaziyuek bitartean uztailean Bederatziurrenak dituzte (hilaren 22an hasita), eta Aita Arrupe izango da mezako gaia. Bilbotarra zen Arrupe, eta jesuiten jenerala izan zen. Orain dela hamar urte hil zen, eta hori dela-eta, haren «ekarpena» gogoratuko dute. «Justiziaren eta behartsuenen aldeko sentsibilitatea eta konpromisoa zeukan Arrupek, eta horrek istiluak sortu zizkion Elizan, baita gizarteko botere handiko indar batzuekin ere», dio Arregik. Aita Ignacio Cacho ariko da haren «arrakasta» azaltzen.

Eguraldiari begira

Abuztuaren 1ekoa dute beste ekitaldi handia, Loiolan bertan izaten baita elizkizuna. Aurten, 1991n bezala, kanpoan gainera, basilikan obratan ari baitira. «Egun horretan antolaketak ematen digu lanik handiena, autoritate ugari etortzen baita». Hala ere, «buruhaustea eguraldiak» ematen die, «elizkizuna kanpoan» denean. «Euria ari badu, behin-behineko kaperan izango da elizkizuna».

Kanpoan edo barruan, Saninaziyo bigarrengoz 40-50 jesuitez eta apaizez beteta egoten da aldarea –«ez dugu mugarik jartzen»–, baina ez omen dira egoten egongo liratekeen guztiak. Izan ere, guztira 45 dira azpeitiar jesuitak, haietatik sei besterik ez daude Loiolan, eta festetan beste bakarren batzuk etortzen badira ere, beste asko atzerrian egoten dira, «eta beti gogoratzen dira egun hauetan herriaz, beti deitzen dutelako emozio handiz telefonoz».

Ez dira haiek «emozionatzen» diren jesuita bakarrak, «atzerritik etortzen diren batzuei negar malkoak ateratzen baitzaizkie herritarrek San Inazio martxa euskaraz nola abesten duten ikusi eta entzundakoan».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak