Iritzia
Amalurrari zor diogun errespetuaz, zentral eolikoak stop!
Aitor Pui (Erkaxo Ingurugiro Taldea)
Gu, Erkaxoko kideok, aspaldian zentral eolikoen auzian murgilduta gabiltza. Ez bakarrik ordea: Azpeitiko eta Azkoitiko Zentral Eolikoen Aurkako Taldea, Elgoibar, Arrasate, Oņati, Bergara eta Soraluzeko hainbat mendi talde, gazte asanblada, arkeologi talde, ingurugiro talde, federakunde eta abarrekin bat lanak banatuz dihardugu.
Euskal Gobernuaren egitasmoaren arabera 2005. urterako, kontsumitzen dugun argindarraren %3a haize-indarraren bidez lortu nahi da, eta horretarako 800 metro alturatik gorako 13 mendi aukeratu dira. Gu inguratzen gaituztenak honako hiru mendi hauexek dira: Gazume, Samino-Izaspi eta Irukurutzeta-Karakate.
Gazumen egiteko asmoa den zentralak 1,7 kilometro edukiko lituzke. Bertan 17 dorre erraldoi jarriko lirateke. Mendi horren lurrak Errezilgo herriari dagozkio.
Samino-Izaspin egin nahi den zentralak 5,5 kilometro ditu eta bertan 46 dorre erraldoi jarriko lituzkete. Mendi honen lurrak, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Azpeitia eta Azkoitiko Udalei dagozkie.
Irukurutzeta-Karakateko zentralak 4,9 kilometro ditu egitasmoaren arabera eta 38 dorre jarriko lirateke. Mendi honen lurrak Soraluze, Elgoibar, Bergara eta Azkoitiko Udalei dagozkie.
Hiru zentral hauez gain beste hamar zentral eoliko egin nahi dituzte EAEn. Handienak Elgea (Gipuzkoa-Araba, lehen fasea eginda dago) eta Ordunteko zentralak izango lirateke, ehun aerogeneradoretik gora izango lituzkete.
Nahiz eta hamahiru mendiko zerrenda izan, Gobernuko iturrien arabera lau edo bost zentral nahikoak izango lirateke, gaur egun, EAEn kontsumitzen dugun argindarraren %3 lortzeko; hala ere, guk ez dugu uste lau edo bost zentralekin hainbeste argindar lor daitekeenik.
Haizearen bidez lortuko den argindarra ez da gai izango ez energia nuklearra ez termikoa ordezkatzeko (ezta gutxiago ere), orduan zentral eoliko hauek gehi nuklear, termiko eta abar izango ditugu.
Euskal Autonomi Erkidegoan urtetik urtera argindarra %4 gehiago kontsumitzen dugu; orduan, nork esaten digu epe ertain edo luzean ez dituztela aukeratutako leku guzietan zentralak egin nahiko?
Azpiegitura erraldoi guztiekin gertatzen den arazo berarekin egin dugu topo zentral eolikoen auzian ere: boteretik ezartzen den isiltasunarekin. Ez da gaia kalean eztabaidatzen, ez da benetako gizarte debate bat sortzen. Berdin-berdina ari da gertatzen Abiadura Handiko Trenarekin, Bizkaian egin nahi diren hainbat zentral termikorekin... Kaleko jendeak ez dauka iritzi sendo eta argirik; zerbait entzun duela baina... kalean informazioa zabaltzen ari garenak betikoak gara, betiko anti-todoak.
Ingurugiroa errespetatuz bizitzeko aukera bakarra gaur egungo gizarte eredu kontsumista eta kapitalistari frenoa jartzea dela deritzogu.
Zentral eolikoen proiektuaren atzean daudenak (E.V.E., Iberdrola, Gamesa, BBVA) energi iturri eolikoa monopolizatu nahi dute. Ondoren, ahalik eta argindar gehien kontsumiaraziz euren diru irabaziak biderkatzeko. Horrela, zentral eolikoak beste diru iturri bat izango lirateke beraientzat. Eredu honek, energia eolikoaren autogestiorako inolako aukerarik ez du uzten, ez eta kontsumoaren jaitsierarik planteatzen ere.
Horrelako zentral eolikoen egitasmoen eragina, mendi eta nekazal lurrek ez ezik, animaliek, landaretzak, zuhaiztiek eta oro har ekosistemek jasango dute. Errepideen eraikuntzak, aerosorgailuen ezarpenak (60 metro luze hiru metroko diametroaz) eta beste eraikuntzek mendigainak zuzenean txikitzen dituzte. Ingurune naturalak direnak industria-inguru bihurtuz. Paisaia erabat hondatzen dute, baita isiltasuna ere etengabeko zaratarekin.
Arazo energetikoaren aurrean, hau da gure jarrera: energia hauen deszentralizazioa eta energia kontsumoaren jaitsiera, industrian, garraioetan eta etxeetan; eta hori antolakuntza ekonomikoa, soziala eta politikoa zuzentzen duten baloreen aldaketa sakonak lagunduta.
Amalurrari zor diogun errespetuaz ohartuko garelakoan, osasuna eta askatasuna.
|