Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 4,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abuztua »  Euskal_Festak »  Egitaraua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskal Festak

1901-eko Euskal Festetako egitaraua

1901-eko Euskal Festetako egitaraua 

Festak hasi, goizeko seietan

1901ean Azpeitian ospaturiko Euskal Festen lehendabiziko egunean –irailaren 28an, hain zuzen ere–, goizeko seietan kaleratuko ziren gure herrian Zarauzko Musika Banda eta txistulariak goiz-eresia eskaintzeko, aideratzen zirela lehen suziriak. Ondoren, berriz, dultzainariak... Goiz hasten zen benetan jai giroa garai haietan.

Ganadu feria ez ezik, barazki azoka ere ospatuko zen eguerdira bitartean, erraldoi eta buruhandiak jiratxo bat eginik umeen gozagarri.

Ilunabarrean, berriz, Iruñeko Katedraleko Kaperako maisua zen azpeitiar Gaspar Besgak sortutako Salbea abestuko zen parrokian, Musika Bandak eta Orfeoiak saio eskainiz gauean.

‘Azpeitiyan’ ereserkia ezagutzera

Bigarren egunean, Txirrita, Pello Errota, Gaztelu eta Txintxua bertsolarien saioa izan zen, baina benetan aipagarria gauean Azpeitiko orkestra eta abesbatzak eskainitako emanaldia da. Lehen zatian, eta orfeoia edo abesbatzak bakarrik, Inazio Fernandez Eleizgarai azpeitiar maisuak sortutako Diputazio jaunari ongi etorria deituriko zortzikoa abestuko zen eta ondoren, orkestrak bakarrik, Santesteban maisuaren Pudente operaren zatiak.

Bigarren zatian, Eleizgaraik osatutako Ama erriko kantak euskal kantazko nahasia joko zuen orkestrak bakarrik. Ondoren Boga boga abestuko zuen orfeoiak, eta bat eginik abeslariak eta musikariek, herritar Toribio Eleizgarai apaizak osatutako Azpeitiyan deituriko ereserkia emango zuen ezagutzera.

Arturo Kanpionen hitzaldia

Hirugarren egunean, zortzietatik aurrera korrikalari lehiaketak. Lehen proban, Loiolatik jira. Bigarren proba, 11tik 14 urte bitarteko gazteentzat herriko enparantzan. Hirugarren proba ere plazan, 50 urtez gorakoentzat.

Literatur eta musika lehiaketatako sarien banaketa egingo zen 9:30etatik aurrera udaletxean, Arturo Kanpion jaunak hitzaldi bat eskaintzen zuela; Leoncio Venturak zuzentzen eskolako gaztetxoen euskal irakurketa eta idazketa azterketak egingo ziren ondoren.

Arratsaldez, aizkolariak, tartean inoiz aritu gabeak. Dantzari gazteen saioak jarraitu zion, eta amaitzean, sari bereziak: 60 pezetakoa, semerik gehien eta egokien jantzirik zituzten gurasoei. Beste bi sari –50 eta 30 pezeta–, kaxako haur egokienak zituzten inudeei.

Bukatzeko, orfeoia eta orkestra

Euskal Festen azkeneko egunean, eta ohiko goiz eresia eta kalejirak izan ondoren, Irrintzilarien txanda izango zen goizeko bederatzietan, hogei, hamabost eta hamar pezetako sariak zirela tartean, zaku-lasterketak eta abar jarraituz. Pilota partida bikote- en artean, 150 eta 50 pezetako sariekin.

Arratsaldez jarraitu zuen festak, eta dultzaineroen lehiaketa jokatu zen, 100 eta 80 pezetako sariekin. Lehiaketa haren ondoren, berriz, euskal jantzien lehiaketa izan zen, 40 pezetako saria izanik bikoterik egokiena osatzen zutenentzat.

Orfeoiak eta orkestrak gauean eskainiko zuen emanaldiarekin amaituko zen Azpeitian 1901. urtean ospaturiko Euskal Festak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak