Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abuztua »  Euskal_Festak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara : Herrian ospatu zen XX. edizioa

Orain dela ehun urteko Euskal Festak Azpeitian

Imanol Elias Odriozola

Orain dela ehun urte Euskal Jaiak antolatu ziren Azpeitian, irailean eta urrian Besteak beste, Txirrita eta Pello Errota bertsolariak, Arturo Kanpion politiko eta idazlea, orfeoia eta orkestra izan ziren Antoine Abbadie da Euskal Jaien sortzailea

Txirrita 
Arturo Kanpion 
Abbadie euskaltzale gogoratuak sortu eta antolaturik ospatu ziren Azpeitian Euskal Jaiak 1893. urteko irailaren 3tik 5era, elizkizunak ez ezik literatur lehiaketak eta kirolak osatuz egitaraua, bertsolaritzan Pello Errota, Jose Bernardo eta Juan Jose Alkain nabaritzen zirela batez ere.

Lau urte geroago hilko zen euskaldunon hizkuntza eta ohiturak indartzen ahalegindu zen Abbadie irlandar hura, baina haren bideari jarraituz Gipuzkoako Foru Aldundiak ere nahi izan zuen antzeko zerbait egin eta sortu zituen Euskal Festak deiturikoak, eta XX. edizioan Azpeitian ospatuko ziren 1901eko irailaren 28tik urriaren lehen eguna bitartean.

Garaian diputatu nagusia zen Laffitte jaunak sinatutako deialdian agertzen ziren zenbait lehiaketen oinarriak eta haien artean Izkribatzalleen indar-neurtzea, Musikarien indar- neurtzea, eta Bertsolarien jolasbidea aipatzen ziren.

80 pezetako saria eta oroigarria emango zitzaion edozein probintziako euskal hizkeran idatzitako lanari, gaia izanik Azpeitia, historia, bertako biztanle ospetsuak...

Sari bera izendatzen zen baita ere, bertso idazleentzat, edozer gai eta neurri erabil zitekeela adieraziz. Aurrez hiru bider antzeko saria lortu zutenek, ezinezkoa zuten lanak aurkeztea lehiaketara.

Euskal irakurle egokiena

50 pezetako saria jasoko zuen, berriz, 15 urtetik 30 bitarteko neska edo mutil euskal irakurle egokienak, gipuzkera aukeratuz horretarako.

30 pezetako saria zen izendaturik berriz, gipuzkeran eta edariak sortzen zituen kalteak egokien agertzen zuen idazlanarentzat.

Antzerkian ere izango zuen bere saria, ehun pezetakoa, nahiz drama erakoa izan edo nahiz komediak, baina gipuzkeran idatziak.

Iraurgi deituriko ibarrari buruz idatzitako lana ere sarituko zen 50 pezetarekin, gipuzkeran egina, batez ere nekazaritza, erroak, olak eta inguruko mendiak aipatuz.

Ordu laurden batean euskaraz egokien irakurri eta idazten zuten neska-mutilei banatuko zitzaizkien, berriz, marrazkiak egiteko pintura kaxatxoak.

Beste bi atal

Musikalarien indar-neurtze atalea berriz, ehun pezetako saria izendatu zen, lau gizonezkok batean kantatzeko abestiaren sortzailearentzat, jatorrizkoa izan beharko zuena. 80 pezetako saria, berriz, txistulari talderako sortutako zortzikorik egokiena aurkezten zuenarentzat. Bestalde, ehun pezetako saria emango zitzaion, saritutako zortziko hori egokien jotzen zuen txistulari taldeari, kontuan izanik bi txistu, silbotea eta atabalarekin osaturik beharko zuela.

Beste sari bat, 80 pezetakoa, bi txistu eta atabalarekin osatutako taldearentzat sortutako arin-arin edo fandangorik egokienarentzat izango zen, bera egokien jotzen zuen taldearentzat izanik 75 pezetako sari bat.

Bertsolaritzaren atalean, berriz, 80 pezeta banatuko zirela adierazten zen bi egokienen artean, bakoitzarentzat 40 izanik.

Literatur lehiaketetan sarituak izango ziren Ramon Inzagarain Umezurtzaren negarrak, Martin Aranbururen Gizonaren osasunerako, Elias Gorostidiren Ama...zugatik biziya , Jose Artolaren Bixente antzerkia...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak