Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abuztua »  Kafe

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Garikoitz Etxeberria `Kafe´ (Azpeitiar presoa)

'EAJk, EAk eta ELAk bizkarra eman diote 'Euskal presoak Euskal Herrira´eskaerari'

Iban Arregi

Martxoaren 7an atxilotu zuten ‘Kafe’, beste hamabost bat gazterekin batera, eta ordutik preso dago, Madrilen, Alcala espetxean. Baltasar Garzon epaile espainiarrak zuzendu zuen Haika gazte erakundearen aurkako operazioa.

Garikoitz Etxeberria 'Kafe'
Garikoitz Etxeberria 'Kafe'.   

Gutunez egin dizkio Uztarriak galderak Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiar preso politikoari (Espainian dago preso, Madrilgo Alcala espetxean), eta bide beretik erantzun dizkigu itaunak gazte honek.

Laster bost hilabete izango dira atxilotu zintuztela. Zer moduz animo aldetik-eta?

Oso animatuta eta gogotsu nago. Kaletik jasotzen ari naizen berotasuna izugarria da, eta hori asko baloratzen da. Gainera, hemengo kideen artean dugun giro onak ere asko samurtzen du egonaldia.

Beste euskal presorik baduzu al zurekin, alboan?

Moduluan lau kide gau-de, nahiz eta espetxean hogei bat gauden. Beti saiatzen dira ahalik eta euskaldun gutxien elkarrekin edukitzen.

Martxoan, Garzonek agindutako Haikaren aurkako operazioan atxilotu zintuzten. Denbora bat pasatuta, zuk zeuk nola ikusten duzu operazio hura?

Gure aurkako sumarioak –18/98 famatuak– bultzada politiko batzuen arabera eginiko erasoaldi bati erantzuten dio. Espainiak eta Frantziak argi ikusten dute 1998an abian jarritako prozesu poltikoaren motore lana ezker abertzaleak egin zuela, eta horregatik kolpatzen dute ezker abertzalea, berau kolpatuz soberaniara daraman prozesua baldintzatuko dutela uste dutelako.

**Garzonen azken operazioek sinesgarritasun dena —baldin bazuten— galdu dute. Zuen errekurtsoa ere laster aztertuko du Espainiako Entzutegi Nazionaleko Laugarren Salak. Itxaropenik bai?**

Lehen esan bezala, gure aurkako sumarioa argudio politikoetan oinarritzen da soilik, eta ez juridikoetan. Prozesu politiko bat da gure aurka jarrita dagoena. Horregatik, ezinezkoa da aurrerantzean hartuko diren erabakiak aurrikustea, erabaki politikoak izango direlako. Hala ere, egia da Laugarren Salak hainbat kontraesan aurkitu dizkiola Garzonen hainbat sumariori (Xaki, Pepe Rei, Ekin…).

Haika legez kanpo utzi zuen Garzonek, baina orain bi aste, uz-tailaren 14an, Segi gazte erakundea aurkeztu zuten Azkoitian. Nola ikusten duzu Segiren sorrera?

Argi eta garbi, gazte mugimenduan zegoen hutsune bat betetzera dator Segi. Gazte independentistek eta sozialistek antolatzeko eta lan egiteko eremuak behar dituzte, eta hori da hain justu Segiren ekarpen nagusia: lotura politiko eta sozialik gabeko Euskal Herri aske bat amesten duten guztiei, nazio mailako ikuspegiarekin borrokatzeko leku bat eskaintzea.

Zer esango zenien Segin lanean ari diren azpeitiarrei?

Aurrera jarraitzeko, besterik gabe, borrokatzeak merezi duelako. Gazte lokalen inguruan, etxebizitzen inguruan, drogen inguruan… gazteok ahots propioarekin aritu behar dugu, entzutea nahi badugu. Gogor ekin behar zaio lanari, eremu guztietan, borroka delako dagokiguna eskuratzeko modu bakarra, gazte bezala eta herri bezala.

Euskal Herriko egoera politikoa ez dago onenean: atxilotuak, atentatuak, abertzaleak bananduta... Egoera ez da berria, baina zuk nola bizi duzu barrutik?

Neurri batean, kezkatuta, estatuek erasoaldi gogorra jarri dutelako martxan, Euskal Herria herri egiten duten zutabe guztiak deusestatzeko. Komunikabideen itxiera, Nafarroan euskararen legea, erakundeen ilegalizazioa… Horri lotuta, tamalgarria da EAJ eta EA erakusten ari diren heldutasun politiko falta, Euskal Herriaren biziraupena jokoan dagoenean. Ez dute Euskal Herri osorako proiekturik proposatzen, eta ‘Baskongadetan’ eta EAEko Autonomia Estatutuak eskaintzen dizkien poltronetan anklatuta daude. Une hauetan, EAJk eta EAk gaur egungo instituzioak, baliabide ekonomikoak eta giza-baliabideak soberaniaren alde jarri beharrean espainiarrekin estatutismoan lerrokatzea barkaezina izango litzateke, gatazka politikoaren luzapena ekarriko lukeelako. Bestetik, itxaropentsu nago, 1998an soberaniarantz trazatutako bidean urratsak ematen ari direlako. Udalbiltzaren proiektu desberdinekin, EHNAren zabalpenarekin…, helmuga gertuago ikus daiteke.

1996ko urtarrilaren 15ean euskal presoen kolektiboak euskal presoak Euskal Herrian bildu arteko borroka etengabea hasi zuen; halaber, gizarteak ere hainbat ekimen jarri zituen martxan hurrengo urteetan. Baina oraindik ere sakabanatuta zaudete. Zerbaitek huts egin al du?

Euskal gizarteak hamaika modutan euskal presoen Euskal Herriratzea eskatu arren, Espainiak muzin egin dio Euskal Herriak emaniko hitzari. Egoera antidemokratiko horri tajuz aurre egiteko unea iritsi zenean, EAJk, EAk eta ELAk bizkarra eman zioten euskal presoen Euskal Herriratzeari; eta are larriagoa: gizarte eragile desberdinek eginiko ekimenak desaktibatzen eta oztopatzen ahalegindu dira. Aurrera begira, alderdi eta sigla guztien gainetik, gizarteak presio mekanismo propioak artikulatu behar ditu, eta hor dago gakoa. Alde horretatik, Azpeitian uztailaren 28an egingo den Iheslarien eta presoen aldeko egunean parte hartzera gonbidatuko nuke jendea.

Zer neurritan jasotzen duzu herriko informazioa?

Gutxi. Gutunen bidez eta bisitetan kontatzen didatena.

Horri dagokionez, zer botatzen duzu faltan?

Nire ustez, herriko taldeek eta Udalak ahalegin handiagoa egin beharko lukete beraien jardunaren berri herriko presooi emateko [azpeitiar preso, errefuxiatu eta deportatuek Uztarria jasotzen dute, baina, presoei dagokionez, espetxeetako arduradunek sarritan aleak bueltan bidaltzen dituzte].

**Sakabanaketarekin bukatzea giza eskubide moduan ikusten du gizartearen gehiengoak. Baina presoen kolektiboak baditu beste eskaera politikoagoak —euskal presoen estatus politikoa, konponbide demokratikoa—. Nola txertatzen dira eskaera horiek prozesuan?**

Euskal Herriratzearekin batera, preso politikoen kolektibo moduan elkarrekin egotea dagokigu. Euskal Herrian, eta elkarrekin, kolektibo gisa garatu beharreko eztabaidak egiteko eta erabakiak baldintza egokietan hartzeko. Prozesu politikoa fase desberdinak pasatzen doan neurrian, presoen partehartzea bermatu beharko da, de facto kaleratuz.

Zer-nolako funtzio bete beharko zenukete euskal presoek balizko konponbide demokratiko batean?

Euskal Presoen Kolektiboak gatazka politikoaren konponbidean zeresan handia izan behar du. Zehaztuko litzatekeen konponbide metodologia horretan partehartze zuzena izan beharko luke, eta partehartze hori bermatzeko beharrezkoa da presoak Euskal Herrian eta kalean egotea. Ipar Irlandan eta beste gatazka batzuen erresoluzio faseetan egin den moduan, preso eta iheslarien etxeratzea lehentasuneko puntua izan behar da edozein prozesu politikoren agendan.

Bukatzeko: zer erakutsi dizuete orain arte espetxean pasatu dituzun egunek?

Gorrotoz eraikitako horma hauen artean euskal presoen ziegetan duintasunak leku bat baduela ikusi ahal izan dut. Bizitza guztia borrokan daramaten euskal militante hauek erakusten duten konpromisoak eta duintasunak zer pentsatua eman dit.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak