|
|
|
Iritzia
Euskal komunikazio esparrua babestu eta indartu
Joxe Luis Aizpuru, Iban Arregi, Mikel Azkune, Eneko Etxeberria, Xebastian Lizaso eta Kike Zurutuza (Euskaldunon Egunkaria-ko langile azpeitiarrak)
Ez ditugu une gozoak bizi euskal ikuspegiaz dihardugun euskal komunikabideok. Egin, Egin Irratia eta Ardi Beltza itxita, Jon Abril kazetaria auzipetua, Eus-kalerria Irratia lizentzia legalik gabe, eta orain Euskaldunon Egunkaria eta Gara-ren kontrako eraso judiziala ezagutu ditugu. ETAri egindako elkarrizketa aitzaki, Euskal Herria bertotik informazioa lantzen dugun komunikabideon jardun profesionala jarri nahi dute auzitan. Martxelo Otamendi eta Mertxe Aizpurua eta hauek zuzentzen dituzten komunikabideen kontra Espainiako Entzutegi Nazionalean jarritako kereilak informazioa eman eta jasotzeko herritarrek duten eskubidea urratzen du –kereila oraindik artxibatzeke dagoela gogoan izan–.
Bizi dugun gatazkan ETAren ikuspegia ezagutzeak interes informatibo nabarmena dauka, eta horrela erakutsi dute Euskal Herrian zein erbestean berria zabal jaso duten ehundaka komunikabidek. Horrela erakutsi dute haren ondotik hainbat erreakzio izan dituzten instituzio eta alderdiek. Agerikoa denez, horrek ez du elkarrizketa argitaratu duten komunikabideen jarrera jakin bat azaltzen; irakurleak jakingo du esandakotik bere iritzi eta ondorioak ateratzen. Informazio egiazko eta objetiboa eskaintzea ez da delitua, irakurle eta komunikabideek legez aitortua duten eskubidea baizik.
Gertatutakoek, eta honen inguruan argitaratu diren hainbat iritzik, Egunkaria eta oro har euskal esparruko komunikazioa jotzeko eta isilarazteko asmoa erakusten dute, lehen beste komunikabide batzuekin edota euskalgintzan diharduten hainbat erakunderekin egin den modu berean. Azken aldian, Espainiatik bideratutako iritzi bakarraren azpian lerratu dira komunikabide gehientsuenak, euskal gaiei dagokienean. Eta lerratze horretan, denak balio du, betiere euskalgintzaren eta euskal kutsua duen edozerren kontra eginez. Horregatik, guztion artean (euskalgintza eta erakunde publikoen artean) euskal komunikazio esparrua babestu eta indartzeko premia dugu; euskal komunikazio esparrua egiteko joateko premia.
Euskalgintzaren ikuspegitik, Nafarroako Gobernuak euskararen kontra daraman ekinbidea edo Iruñeko udalak Egunkaria-tik publizitate guztia erretiratzea ez dira kasu isolatuak, aldez aurretik finkatutako jokabidea baizik. Komunikabide honi, irudi jakin batekin lotu izanagatik, bere ospean eta publizitate merkatuan kalte eragin nahi izana ez da zilegi. Gure hizkuntzak bizi duen egoeran Egunkaria zein euskalgintzan diharduten beste erakundeak amiltze bidean jartzeak euskarari eta Euskal Herriari kalte atzeraezinak eragin diezaizkieke. Gaur Egunkaria eta Gara-ren txanda izan da, bihar euskalgintzan zein herri komunikazioan dabilen beste edozeinena izan daiteke. Kereilak, dirulaguntzak kenduta komunikabide bat itotze bidean jartzea… Euskalgintzaren aurka egiteko modu asko dago; eta Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria ez dago testuinguru horretatik kanpo.
Garaiz gaude elkarlana bultzatu eta euskal komunikazio esparrua artikulatzeko, presarik gabe baina loak hartu gabe. Euskal komunikabideak ezinbestekoak ditugu. Irakur, entzun eta ikus itzazu.
|