|
|
|
Iritzia
: Amuko zubitik
Oroimena lanean
Joxe Luix Aizpuru
Azkenaldian bizi izan ditudan bi gertakarik idazki honetarako gaia eman didate. Batetik, lehengo astean Arrosan (Nafarroa Beherea) ospatu zen Euskal Herria Zuzenean jaialdi erraldoia, eta bere barnean egin zen Irrati Libre eta Txikien jardunaldi-bilera. Eta bestetik, egun Iruñean bizi den ezagun azkoitiarrarekin izandako parranda-hizketaldia. Bietan ere irratia izan zen ardatz nagusi. Eta gure herri santuan irratia aipatzerakoan, bi irudi datozkigu, berehala: Loiola eta Kaka Flash. Nik, noski, bigarrena dut gogoko, nahiz eta lehenengoaren entzule izan urte askotan.
Larunbat arratsaldeetan gure auzoko kaleetatik pasatzen ziren gazteak ditut oraindik gogoan. Tunel azpitik pasa eta Barrenetxetik gora igotzen ziren kontu kontari. Gure terrenoak ziren haiek, eta kale aldetik lianxanpora etortzen ziren haiek zer egiten zuten jakin nahi genuen. Berehala zabaldu zen albistea: irrati libre bat jarri zen martxan Oiartzabalgo lehenengo pisuan.
- urtea izango zen, eta nire parrandakide azkoitiarra, larunbat arratsaldetako asanbladetako gidari-hizlari-porroegileetakoa zen. Gu, berriz, entzule lotsati eta porroerretzaileak. Herriko eta auzoko barbaroen bilgunean geunden; ixilik, mutu, baina gustura.
- urte geroago, orduko zenbait kontu entzun ditut irratien topagunean: autogestioa, koordinazioa, informazioa… Ezagunak egin zaizkit eta oroimena lanean hasi. Hau da marka, urteak joan eta urtean etorri, eta ezin gixondu!
|