|
|
|
Iritzia
: Azketako ura
Oporretan nagoela...
Jabier Altuna
Oporretan nagoela ari naiz entzuten bi asteotan; garbi dago irakaskuntzan lan egiten dugunontzat oporrak beste langileentzat baino luzeagoak direla, eta alde horretatik, neure burua pribilegiatutzat daukadanez, ez naiz hasiko ikamikan, eztabaidan, merezitakoak diren edo ez (noski baietz).
Orain serio; ekainean, notekin batera, hasi da egunkarietan eta abar, «fracaso escolarra» gora eta behera agertzen; honetaz entzuten eta irakurtzen bai nagoela nazkatuta eta bizpairu gauza esatea nahiko nuke:
- Gure gremioan, besteetan bezala, pelaje guztiko langileak daude; onak, erdipurdikoak eta txarrak; saiatzen direnak eta ahal duten gutxien egiten dutenak.
- Oso lan zaila daukagu; kasu askotan aurkako gehiegiren kontra ibili behar dugu; ikasleek gehiegitan gauzak gogo gabe ikasten dituztela garbi izan behar dugu eta horretan era batetara edo bestera «behartu» egin behar ditugu. Eta askotan familiak ere ez ditugu alde; eta guraso batek irakasleari «autoritatea, konfiantza... (nahi duzuen hitza erabili)» kentzen badio (era batara edo bestera), irakaslearen zeregina hutsean gelditzen da ikaslearen aurrean. Adibide bat: nekez lortuko dugu ikasle bat solidarioa izaten etxean «buscate la vida que nadie te va a ayudar» mezua jasotzen badu.
- Egunean zehar aita eta/edo ama ikusten ez dituen norbaiti, jipoiak jasotzen dituenari, gurasoak banandu zaizkionari, dena eginda ematen zaionari, dena ondo egiten duenari (gurasoentzat, noski),... oso zaila da ezer irakastea; bere kezken artean ez dago ikastea eta motibazio pitorik ez du; irakaskuntza sistemari errua botatzea kasuotan irtenbide errazegiaa da, eta ez da bidezkoa.
|