Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 14,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Uztaila »  Pumori

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Espedizioa : Irailean abiatuko da Himalayako mendi hartara Azpeitian antolatzen ari diren espedizioa; tontorra, urriaren 20-25 aldera egiteko asmoa dute

Pumori helburu

Enekoitz Esnaola

Pumori izango du helburu Urolako espedizioak urrian. 7.161 metroko mendia da, eta taldean bi azpeitiar eta “erdi azpeitiar” bat doaz. Irailaren 27an abiatuko dira hara sei mendizale gazte eta beterano bat

Jon Odriozola, Xabier Osinalde, Beñat Arrue, Benantxio Irureta, Iñaki Aiertza, Jexux Mari Errazu eta Xabier Odriozola. 

Ama-Jainkosaren alabaren besoetara doaz Urola bailarako zazpi mendizale; hain zuzen ere, Everest Ama Jainkosa-ren Pumori alabaren besoetara. Haien artean, bi mendizale azpeitiar daude: Beñat Arrue eta Xabier Osinalde. Bere burua “erdi azpeitiar” bezala jotzen duen mendigoizale bat ere badoa taldean: Benantxio Irureta aizarnarra.

Hain justu, Benantxio bera da Himalayako espedizioren baten esperientzia daukan bakarra, baina beste gazteak Andeetan-eta trebatuta daude, Huascaran (6.768 metro), Alpamayo (5.947) eta abar igoak dituztelako, Alpeetakoak aipatzen ez hastearren.

“Esan daiteke –dio Beñat Arruek– mendizaleen prozesu logiko hori segitzen ari garela; alegia, Pirinioetatik Alpeetara pasatu ginen, Alpeetatik Andeetara, eta orain Himalayara. Gogo handia daukagu hara joateko”.

Ez dute aukeratu zortzimilako tontor bat, Pumorik 7.161 metro dituelako. Eta badituzte horretarako arrazoiak, Xabier Osinaldek esaten duen bezala: “Batetik, denbora kontua dago; hau da, guk hilabete bat baino ez dugu espedizioa egiteko, eta zortzimilakoa ezin da hilabetean egin. Eta, bestetik, aurrekontuaren arazoa dago, zortzimilakoak gurearen aurrekontu bikoitza eskatzen duelako”. Benantxio Iruretak dioenez, gainera, “gazteek ez dute zortzimilakoen obsesio hori; nahiago izan dute zailtasuna bilatu”.

Tontorra urriak 20 aldera

Irailaren 27an abiatuko dira Euskal Herritik Nepalera, eta azaroaren 3an dira itzultzekoak; hilabete eta astebete, beraz, joan-etorria egiteko. Eta, ahal bada, tontorrarekin itzuli nahi dute. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, urriaren 20tik 25era bitartean lor dezakete tontorra. “Zortzimilako bat egiteko berandu da, baina zazpimilako baterako ez. Hala ere, justu antzean ibiliko gara”, diote.

Ez da oso mendi komertziala Pumori, Everest ondoan baitu –bi beheko kanpamenduak oinez ordubete eskasera daude–, eta hara doan jendea Everestera hurbildu ohi da eta ez Pumorira. Horregatik egiten dira igoera gutxi Pumorira. Hala ere, euskal mendizaleak tontor hartara igota daude; guztira, zortzi. 1990ean, adibidez, Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak igo ziren. 1991n Patxi Ibarbia azpeitiarra han izan zen, gailurrik lortu gabe. “Mendia bera –dio Beñatek– oso zorrotza eta teknikoa da, azkar igo daitekeena, beheko kanpamendua 5.200 metrora dagoelako, baina baditu zailtasunak. Hala, lehen kanpamendua (6.200 metro) jarri arte 600 metro soka-finko ipini beharko ditugu”. Juanfer Azkona aritu zaie, batik bat, informazioa pasatzen. Espedizio interesgarri honek 4.700.000 pezetako aurrekontua du, eta diru laguntza batzuk espero dituzte. Azpeitiko Udalari aurkeztu diote proiektua.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak