|
|
|
Euskara
Baite Euskara Elkartea ...martxan
Enekoitz Esnaola
Herrira begirako lehen urratsak egin ditu Baite Euskara Elkarteak. Zozketa bat jarri du martxan, besteak beste. Udalarekin harremanean segitu nahi du
Baite Euskara Elkarteak «gainditu» du Azpeitiko Udalaren “kolpea”, eta hasi bere martxan pausoak ematen.
Elkartea bera joan den otsailaren 10ean aurkeztu zen, Aitonenan egindako prentsaurreko jendetsu batean, eta agerraldi hartan esan zuenez, Kontseiluaren herrietako euskalduntze plangintza aurrera eramatea zuen lehen helburu handia –Kontseiluak esperientzia pilotu gisa hautatu zuen Azpeitia–. Udalak berak ere sinatua zuen Kontseiluaren plangintza, eta Baitek bere estatutuetan dioenez, prest zegoen Udalarekin elkarlanean aritzeko herria erabat euskalduntzerakoan. Baite Euskara Elkartea lehen hilabeteetan Udalarekin bilera bat noiz egingo egon zen, baina, ezustean, Udalak apirilaren azkenaldean esan zion baztertu egiten duela Kontseiluaren plangintza, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plana hautatu duela.
Baiterentzat Udalaren erabaki hura “desilusioa” izan zen, baina bere estatutuetan, herrira begirako plan estrategiko bat egiteaz gain, beste helburu batzuk ere badituenez (“euskaltzaletasuna bultzatzea”, “euskarari buruzko informazioa zabaltzea”...), aurrera segitu du, eta hasi da lehen pausoak ematen: logotipoa badauka jada, zozketa bat egingo du uztailaren 25ean, Udalari 2001. urteko plangintza eta aurrekontuak aurkeztu dizkio, urte bukaeran bazkide kanpainari ekingo dio...
Udalari bilera bat ere eskatu dio, erakundeak Baiteri Euskara Biziberritzeko Plana azal diezaion, oraindik ez diolako azaldu; Udal Euskara Patronatuaren bitartez azalduko dio seguruenik. Patronatuan bertan aldaketa bat egon da, aurreko lehendakariak zinegotzi kargua utzi egin duelako –Nekane Larrańagak–, eta haren ordez Udaleko Kultura Batzordeko buru Aitor Gorrotxategi jarri bada ere eta Udalean euskararen arloa Kultura Batzordean jorratu ohi bada ere, Euskara Patronatuko lehendakaria orain Jose Mari Bastida alkatea da.
Elkarteko partaideak
- Karmelo Etxegarai Ikastola
- Urola BHI
- Ikasberri Azpeitiko Ikastola
- Iraurgi Ikastetxea
- Betharram Ikastetxea
- Jesusen Alabak Ikastetxea
- Milagrosa Ikastetxea
- Uztarria Kultur Koordinadora
- EHE
- AEK
- Erniarraitz Bertsozale Elkartea
- Udal Euskaltegiko langileak
|