Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Uztaila »  UGLE

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

UGLE : Gay eta lesbianek herrian egin dute beren lekua

Urolaldeko homosexualek badute atea non jo

Nerea Uranga

Azpeitiko eta Azkoitiko Emakumeen Taldeak urteak daramatza homosexualitatearen inguruan lanean. «Ekainaren 28aren inguruan urtero zerbait antolatu izan dugu, gure nahia urte guztian zehar gai hau lantzea izan bada ere». UGLE taldearen sorreran lagundu eta pozik hartu dute emakumeek: «Jende gehiago izango gara lanerako eta jendearentzat ere erreferentzi bezala talde bat egotea garrantzitsua da». Bestetik, gertutik, lanean jarraitzeko asmotan dira, «homosexualitatea orokorrean gutxietsia baldin badago, lesbianen kasua gutxietsiago dagoelako».

 

Urolako Gay eta Lesbianen Elkarteak (UGLE) eman ditu lehen pausoak. Aurkeztu da herrian, pasa den ekainaren 30ean, jai eta aldarrikapen giroan; homosexualen talde berriak nahi bezala, gainera: lagun giroan, askatasunean, beste edozein talde bezala...

UGLEren sorrera, batik bat, Azpeitiko eta Azkoitiko Emakumeen taldeak suspertu du. «Haiek lan hori urteetan egin dute. Gay eta lesbianen inguruan talde zehatz bat egotea zen nahia. Orduan, gurekin harremanetan jarri ziren. Eta, egia esan, guk uste baino gehiago dago egiteko», diote UGLEko kideek.

«Urolan ere gay eta lesbianak bagarela, Urolan ere badugula gauzak egiteko gogoa eta hor gaudela». Horixe aldarrikatu nahi izan dute UGLE talde sortu berriko kideek, sexu bereko bi bikote —muxuka eta besarkatuta— Loiolan azaltzen diren aurkezpen karteleko irudiarekin: «Urolaren adierazle den leku bat da Loiola, eta horregatik atera dugu karteleko argazkia bertan».

Urola-Kosta eskualdean sei mila homosexual daudela esan du UGLEk. «Kopurua ez dugu bota botatzeagatik. Ikerketak eginda daude. Bada ikerketa bat, oso onartua eta zaharra dena. Ikerketak dio: helduen erdiak noizbait harreman homoerotiko gustuko bat izan duela. Gero, beste datu bat da: behin baino gehiagotan, esklusiboki edo gehienbat beren harreman sexualak edo desioak homoerotikoak dituztenak (emakumeetan zerbait gutxiago, gizonezkoetan gehiago), bataz beste, biztanleriaren %10a direla. Foru Aldundiaren datuen arabera, Urola Kostan, 60.000 biztanle bizi gara; %10a sei mila dira. Beraz, ez gara lau katu».

Homosexualak badira herrian, auzoan eta kalean, batzuk ezagunak eta besteak ezkutukoak. Itxura heterosexual baten atzean bizi dira, ingurukoen eta inguruaren beldur, armairutik atera gabeak dira. UGLEn bertan ere biltzen dira ezkutukoak, «Herrian zaila da homosexuala izan eta horren inguruan hitz egiteko norbaitengana zuzentzea, informazio bila hastea. Taldea zabala da, ulertzaileak garenak eta ez direnak lagunartean biltzeko eta informatzeko taldea da».

Emigrazioa hirira

Ez da arrunta egiten Azpeitiko kaleetan sexu be reko bikoteak ikustea eskutik helduta, muxuka, lasai ederrean. Horregatik, euren girora mugitzen dira: lagunarte bila, parrandara, informazio bila, aholku bila eta abar. Donostia eta Bilbo dira batik bat, Azpeitiko gay eta lesbianak giro bila emigratzen duten hiriak. «Emigrazioa dago zoritxarrez. Eta jendea ere joan da bertara bizitzera», diote taldekoek.

Ezkutuko gay den azpeitiar bati berriz, «lasai ibiltzeko, askatasunez azaltzeko», ezinbestekoa egiten zaio gaur egun asteburuetan hiriburura joatea. Taldekoen iritziz, herrian eduki ditzaketen zailtasunez gain, homosexualen giroa ematen da hirietan: «Giroko lekuak eta subkultura bat dago, anitza. Herrian, hemen, oraindik ez dago horrelakorik. Nahiz eta gure artean lotura batzuk dauden».

Bikoteak Udalean

Izatezko bikoteak edo Ezkondu Gabeko bikoteek urtarrilaren bukaeratik izena eman dezakete Azpeitiko Udal Erregistroan. Bertan, sexu berekoak diren bikoteek ere izena eman dezakete. Hala nola, gaur egun, Udal Erregistroan, bikote bakarra dago erregistratua eta sexu bereko bikotea da: bi mutilek osatua. Erregistro honek Udalari dagokion izaera administratiboa du. Eta bertan izena emateko, udaletxeko idazkaritzara agertu besterik ez du bikoteak. Azpeitiko Udaleko idazkariaren esanetan, «ezkondu gabeko bikoteen erregistroa arautzeko aurretik arautua zeukaten herrien adibideak hartu ditugu, hala nola, Zarautzekoa eta Gasteizkoa. Saiatzen gara, bikoteak izena ematera etortzen direnean, gauza formal bat egiten».

Udalean bai, baina EAE mailan ez da oraindik era honetako erregistrorik onartu. UGLEkoen esanetan, «izatezko bikoteen aurreproiektu bat bazen, baina atzeratzen joan da. Nafarroan onartua dago, eta adopzioa ere bai, nahiz eta UPNk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean errekurritu zuen».

UGLEren baitan, gay eta lesbianak berdintasunean elkartuko dira. Kalean, berriz, hemendik aurrera izango du egitekorik. Aurreneko urratsa eman da jada.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak