Iritzia
Elikadura arazoa, gaixotasuna da
Ilazki Albizuri (ACABE Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkarteko psikologo-kolaboratzailea)
Uda gainean dugu, eta, aldizkari eta telebistako publizitatean argaltzeko dieten eta produktuen zaparrada izugarria datorkigu: «Astebetean hainbeste kilo bota ditzazun...», «Gorputz ideal bat lor ezazu...». Hori ikustea nahikoa da, gure gizartea gorputzaren itxuraz gehiegi kezkatzen dela konturatzeko.
Publizitateak indar izugarria lortzen du bere mezu eta irudiekin, hau da, mezu bat –«X produkturekin argaldu zaitez»– eta irudi bat –emakume bat alai, lanpostu on batekin eta ama ideal bat– salduz. Mezu eta irudi hauen bidez argal egotea, arrakasta, autonomia, alaitasuna eta beste hainbat gauzekin lotzen dute.
Zer esanik ez, moda munduan ditugun irudiak eta lanpostuetarako exigentziak, gehien bat emakumeei zuzenduta, argal egoteko mezua zabalduz. Industria hau dena hor dugu, aldamenean, eta denok busti edo zipriztintzen gaitu, era batera edo bestera, herrian, Azpeitian, bizi edo hiriburuan, gehiago edo gutxiago.
Publizitateak eta gizarte faktore hauek, nerabetasunean eta gaztaroan eragin izugarria izan dezakete. Aldaketa fisikoak, lehenengo harremanak, koadrila giroa, konplejuak, dudak... Garai kritikoa izan daiteke, autonomia lortzen eta pertsonalitatea eraikitzen ari baita.
Adina, publizitatearen indarra, eta zenbait faktore eta egoera pertsonal kontuan hartuta (autoestima baxua, autoexijentzia, perfekzionismoa, segurtasun eza,...) lagungarri izan daitezke elikadura arazoan erortzeko.
Eukal Autonomi Erkidegoan, %3-4 biztanlek (14 eta 65 urte artean) elikadura arazoak dituzte, (hauetatik %95 emakumezkoak).
Anorexiaren kasuan, lehenago atzeman daiteke arazo bat dagoela, argaltasuna bistan eta nabarmen agertzen delako. Bulimiaren kasuan, aldiz, duten itxura osasuntsuarengatik zailagoa da atzematen, urteak eman ditzakete arazoarekin, inguruko inor konturatu gabe.
Baraualdi luzeak ohizkoak dira arazo hauetan, gehienbat anorexian, janariarekiko ukapena iraunkorra baita. Bulimian, inpultsibitatea da nagusi. Nahiz eta saiatu baraua egiten edo gutxi jaten, zenbait unetan izugarrizko janaldiak egiten dira (janari asko antsietatez irensten da, denbora labur batean). Gero, janaldia ez kontrolatu izanagatik eta asko jan dutelako errudun sentitzen dira. Eta lasaitu nahian, estrategi ezberdinak erabiltzen dituzte janari guztia botatzeko: botaka egin, laxanteak eta diuretikoak hartu edo kirola obsesiboki praktikatu.
Gaixotasun hauek, ondorio larriak dituzte garaiz atzematen ez badira. Anorexiaren kasuan, gutxi jaten dutelako gastu energetikoa murriztu egiten da, eta ondorioz, gorputzaren tenperatura jeisten da: beti hotzak daude; bihotzaren tamaina txikitu eta arritmiak jasan daitezke; azala lehortzen zaie; hesteen funtzionamendu txarragatik izugarrizko idorreria izaten dute; osteoporosia kaltzio faltagatik eta hilerokoaren galtzen dute, besteak beste.
Bulimian, botaka egitearen ondorioz, hortz esmaltea galdu daiteke (lixeriketarako erabiltzen den azido kloridrikoarengatik), potasioa eta sodioa gutxitzeak bihotzeko arazoak ekar ditzake, esofagoa urratu eta pitzatu daiteke (azidoarengatik), giltzurrunen funtzionamendu txarra (diuretikoak hartzeagatik) eta hilerokoa oso irregularra bihurtu daiteke.
Ardura handiz hartu beharreko arazoak dira, ondorio fisiologikoez gain, psikologikoki eta portaera mailan ere eragin handia dutelako.
Kanpotik begiratuta, askotan zaila egiten da zenbait portaera eta pentsamendu ulertzea, izugarri arritzen gaituztelako janariarekin duten desira eta mespretxuaren arteko jolas horiek. Azken finean, janariaren inguruko portaera hau, komunikatzeko modu bat da.
Elikadura arazoa gaixotasun bat da, eta ezin da txorakeri edo moda kontu bat bezala hartu, barnean sufrimendu izugarria eragiten bait du. Gizarte mailan lan handia dago egiteko, kritikoak izan behar dugu erakusten diguten guztia, ez irensteko eta beste balore batzuk aldarrikatzeko.
|