Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Ekaina »  Selektibitatea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Selektibitatea : Selektibitatea polemikaren jopuntuan

Ikasleak dar-dar

Idoia Mendizabal

Ekainaren 13a eta 15a bitartean egingo dute ikasleek selektibitatea. Espainiako Hezkuntza ministerioak selektibitatea kentzeko lege proposamena aurkeztu du. Haren ordez ezarriko den sistema berriak kezka eragin du hezkuntza munduan.

Ibaetan, iaz unibertsitaterako hauta-probak egiten. 

Liburu eta apunte artean burua sartuta daude herriko ikastetxeetako gazteak. Badute nahikoa lan, ebaluaketako azterketak, globalak, errekuperaketak... Eta ekainaren erdialdean berriz, selektibitatea.

Selektibitatearen aurka urtero nahikoa iskanbila izan da, kentzeko ere eskatu dute hainbat eta hainbatetan. Eta hara non, orain dela hilabete inguru, 27 urtean indarrean egon ondoren, kentzeko lege proposamena aurkeztu zuen Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministroa den Pilar del Castillok. Kezkak eta eztabaidak sortu ditu honek, hezkuntza munduan batez ere, ez baita argitu errebalida berriro ezarriko den ala ez.

Iritzi desberdinak

Orotariko iritziak sortu ditu lege proposamenak, baina batez ere kezka da nagusi. Juan Amenabar Urola ikastolako zuzendariaren iritziz, bere txarrean, aipatzen ari diren errebalida eta unibertsitateetako azterketak baino hobea da selektibitatea: «Selektibitatea, ez da egokia, baina ez dakit nola konpondu daitekeen. Kendu eta unibertsitate bakoitzaren esku uztea lehengoa baino okerragoa izango da ikasleentzat, zailagoa. Oso arriskutsua iruditzen zait. Unibertsitate elitistak eta ez elitistak... Oso arriskutsua ikusten dut unibertsitate bakoitzaren esku uztea. Errebalida ere aipatzen dute, ikastetxe bakoitzaren esku uztea, eta hori ere ez zait egokia iruditzen. Bere txarrean uste dut lehengo selektibitatea hobea dela».

Alberto Lizeaga Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Ertainetako Koordinatzailearen iritziz, «egungo selektibitatea ez da baliogarria duen helbururako. Alde batetik ondo dago selektibitatea kentzea. Irizpide desberdinak ibiltzen baitira zuzentzerakoan, epaimahaiaren arabera beti ere notak aldatu egiten dira. Ordezko zerbait jartzekotan, ondo iruditzen zait unibertsitate bakoitzak bere irizpideak jartzea, baina ikusi egin behar gero nola gauzatzen den. Baina aukera hori selektibitatea baina hobeagoa bada. Gero errebalida antzeko bat ere jarri izan dute mahai gainean. Helburu bezala ona izan daiteke, betiere denon artean irizpide amakomun batzuk jarriz».

Datorren urtean ikusiko da, selektibitatearen ordez, unibertsitatera joateko zer nolako azterketa eta non egin beharko duten ikasleek. Bitartean buru makur ikasten jarraitu behar.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak