Elkarrizketa
: Bixente Oiarzabal (Futbolari ohia)
“Futbola sekula ez diat esplotatu, baina pozik nagok egindakoaz”
Enekoitz Esnaola
Bere azken denboraldiko azken partidua baino bi ordu lehenago egin dio Uztarriak Bixenteri futbolariari elkarrizketa. Lagun Onaken (bi aldiz), Anaitasunan eta Eibarren (hemen 11 urtez) aritu eta gero, agurreko solasaldia izan da. 36 urteko urrestildar honi futbolean segitzea ezinezkoa omen zaio.
Zergatik erabaki duk futbola uztea?
Batik bat denborarik ez dudalako. Eibar utzi eta gero, beste bizimodu bat izan diat, lanean hasi beharra, eta lanak ez zidak uzten behar bezala entrenatzen. Ni, bestela, zoratzen nengokek aurrera segitzeko.
Gainera, sasoian hago.
Jada ez nagok orain ha-mar urte bezala, baina ondo nagok, eta, gainera, Hirugarren Mailan ez zagok maila handirik.
Hogeitahamasei urte dauzkak, urteak egin dituk futbolean... Ez aspertu?
Ezta batere. Txiki-txikitatik ari nauk ni futbolean, Urrestillako plazan hasita, baina azken baten gustatu egiten zaidak futbola, eta zerbait gustatutakoan segitu egiten diok eta urteak batere akordatu gabe pasatzen dituk. Baina zahartzen ari gaituk eta jada ez hago heu bakarrik, ondoan badituk beste batzuk ere, eta dena baloratuta utzi diat futbola.
Eibarren 11 urtez egon hintzean, futbolera soilik dedikatuz. Ondo bizi izan haiz...
Ezin kexatu. Saiatu ninduan lanarekin bateragarri egiten, baina ezinezkoa izan zuan, Eibarren arratsaldez entrenatzen delako.
Hala ere, bidaiengatik-eta, Eibar taldean 11 urte pasatzea baduk zerbait, ezta?
Niri ez zaidak gogorra egin. Benetan gustatzen bazaik, futbola ez duk gogorra egiten, bi astean behin autobusean ez zakiat zenbat ordu pasatu arren. Gainera, kanpotik etortzean ni ez ninduan lanera joaten, eta ondo.
Behin ere izan al duk Espainiako Lehen Mailan jokatzeko aukerarik?
Behin aipatu zuan zerbait Burgosen kontua, baina nik ez diat sekula bitartekaririk izan, futbola ez diat esplotatu. Gustura nengoan Eibarren, etxean azken baten, lanean baino gehiago irabazten –ez askoz gehiago, hori ere esan behar duk–, baina ondo nengoan, eta ni gustura banago, ez zaidak aldatzea gustatzen. Lagun Onakera etorri aurretik Benidormek oso eskaintza ona egin zidaan, baina ez joatea erabaki nian.
Futbolari lotuta segitzeko asmorik bai?
Entrenatzaile izan nahiko nikek, beldurgarri gustatzen zaidak-eta, baina ez zaukaat denborarik horretarako ere.
Entrenatzaile titulurik ba al daukak?
Ez. Eibarren nengoenean saiatu ninduan titulua ateratzen, baina ordutegi aldetik gaizki ibiltzen ninduan eta ezin. Miguel Etxarrik eta Eibarreko jendeak esan izan zidatek saiatzeko, badudala gaia, baina...
Orain 11 urte gutxiago izango bahituzke, egingo al hituzke beste gauza batzuk?
Bai. Igual kanpora irtengo nikek jokatzera, probatzera. Eta igual entrenatzaile titulua ere aterako nikek. Dena den, egindakoaz pozik nagok.
Futbolean zer ikasi duk?
Jendearekin tratatzen, jende asko ezagutzen baituk.
Eibarren solidarioa izaten ikasi al duk?
Dudarik gabe. Beste parajeetako jendearekin alderatuz, hemengo jendea oso solidarioa duk, hemengo ekipoak batik bat bertako jendearekin osatutakoak direlako, eta aldea egiten dik horrek.
Jokalari bezala azken urtea ez duk ona eduki, Lagun Onak jaitsi egin delako Preferentera.
Alde horretatik baino tristeago izan duk niretzat ezin ondo entrenatu izana.
Bestela, zer iruditzen zaik taldearen jaitsiera?
Pena izan duk, baina, ikusita zer baliabide dituen, igual Lagun Onak-en maila Preferentea duk.
Hainbeste urte eta gero Lagun Onakera itzuli ostean, zertan ikusi duk aldatuta?
Jokalari gazteen izaera edo jokatzeko era aldatu egin duk. Lehen gazteok gehiago sofritzen genian ekipoagatik, buruan futbola baino ez genuelako ia. Orain gazte batek futbolaz gain hainbeste aukera ditik... Euskal futbola bere estiloa galtzen ari duk.
|