Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Ekaina »  Institutua »  Gertatutakoak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Institutua

Berrogei urtean Institutuan pasatu ez denik...

Institutuko eraikina, Berdelari edo Perdillegi baserrian eta inguruan, eraiki aurretik Sindikatu Zaharrean kokatu zen.

1961
1961.  Institutu berriaren inaugurazioa. 
1961
1961.  Soinketa klasea 
1962
1962.  Ikasleak tailerrean 
1962
1962.  Tabernako jokoak 

Berrogei urte baino gehiago ditu, Perdillegiko eraikinak. Azpeitian Institutu Laborala jartzeko erabakia hartu, eta horretarako eraiki zenak.

Imanol Elias idazlea, historialaria eta Institutuaren haserako urteetan bertan irakasle izandakoak kontatu bezala, «Institutu Laborala sortzeko garaian, herriko agintariek garbi ikusi zuten, behin oinarrizko heziketa egin eta, gazteek ikasketak jarraitzeko modurik ez zutela herrian. Horrela, 1951ko urtarrilaren 29ko udalbatzan, udaleko agintariek Nekazal eta Abeltzantza ikasketak egiteko aukera aurreikusi zuten. Hiru hilabete beranduago, erabaki zen: Ramon Martiarena arkitektuarekin harremanetan jartzea, Institutua eraikitzeko beharrezko zerbitzuak eta eraikina nola egin aztertzeko, Perdillegi edo Berdelari baserrian eta inguruko lurretan».

Baina, bi urte beranduago (1953ko martxoaren 30ean), udalak, erabaki zuen Institutu Laborala industria ikasketak egiteko izango zela.

Imanol Eliasek kontatu bezala: «Eraikin berria egin bitartean, herriak beste lokal batzuk utzi beharko zituen Institutua martxan hasi zedin, horretarako Sindikatu Zaharra edo aurrez Udala izan zena utzi zuen».

Ikasle ugari

Sorreratik Institutuak ikasle izan zituen. Lehen urtean 50 ikasle matrikulatu ziren. «Sarrerako azterketak 1955eko azaroaren 16 eta 17an egin ziren, eta hilaren 24an, ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatu zen Udaletxeko areto nagusian», kontatzen du Eliasek.

Hurrengo urteetan ere, ikasle andana pasatu zen Institututik. Mikel Goikoetxea azkoitiarrak, badu horren berri, 23 urtean ibili baita institutuan. Lehenengo irakasle eta azken urteetan, 1998. urte arte (Urola Ikastola sortu arte) Institutuko zuzendari izana da. «Azpeitiko institutua, bailarako institutua izana da. Bailarako gazteek, batxilerreko ikasketak hemen egiten zituzten. Garai batean 700 ikasletik gora zen bertan».

Institutua, «ikaslez beteta eta bertan ikastorduak emateko kondizio txarrak salatzeko lehergailu bat ere jarri zuten 1979.eko azaroa inguruan», gogoratzen du Goikoetxeak. «Goiko pabiloiak jasan zituen kalte gehien eta konpondu arte, klaseak Aspaceko eraikinean eman genituen».

Urteetan, institutuko irakasle gehienak kanpokoak ziren eta euskarak presentzia gutxi zuen Institutuan, «Felix Azkue eta nik bakarrik genekien euskaraz, orain 23 urte. Orain dela gutxi berriz, Urola Ikastola sortzerako, alderantziz zen. Bakarren bat kenduta denak euskaldunak ginen. Euskara aldetik izugarrizko aldaketa egon da», dio Goikoetxeak.

Kontu eta komeri, urteotan zein ez eta zer ez den gertatu bertan, «hasiko banintz kontu denak kontatzen...».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak