|
|
|
Euskara
: Euskara Biziberritzeko Plana hautatu du, euskalgintzari muzin eginez
Udalak ez du Kontseiluaren herrietako plana bultzatuko
Uztarria
Azpeitiko Udalak atzera egin du, ez baitu Kontseiluaren herrietako euskalduntze plangintza bultzatuko. Kontseiluak Azpeitia aukeratua du esperientzia pilotu gisa. Udalak Baite Euskara Elkarteari esan dio EAEko Euskara Biziberritzeko Plana bultzatuko duela
|
|
Sinatua zeukan.
Joan den urteko udazkenean Kontseiluaren herrietako plangintzarekin ados azaldu zen Azpeitiko Udala eta Azpeitiko hautagaitzaren aldeko firma bota zuen, Nekane Larraņaga orduko Kultura Batzorde-buruaren izenean (argazkian ageri da sinadura).
|
|
Azpeitiko Udalak ez du Kontseiluaren herrietako euskalduntze plangintza babestuko, orain gutxi erabaki duenez. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plana bultzatuko du bestearen partez.
Gasteizko Gobernuak (uneotan EAJk eta EAk osatua) orain dela pare bat urte jarri zuen Euskara Biziberritzeko Plana martxan, EAE mailan, eta azkenaldian EAEko udaletxeetan ere zentratua zegoen. Orain, nonbait, erkidegoko herrietara zabaltzeko asmoa du. Haren helburua ez da herriz herri plangintza bat egitea, antzeko ezaugarriak dituzten herriak hartu eta multzoentzat planak egitea baizik.
Kontseiluak bestelako asmoa du: hasiera batean 12 herri hartu, bakoitzean plana egin, eta ondo ateraz gero, Euskal Herri osora zabaltzeko. Irailean aurkeztu zuen asmoa, eta Azpeitiko euskalgintza osoak (ikastetxe guztiek, Uztarriak, EHEk, AEK-k, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Udal Euskaltegiko langileek), gizarte eragile batzuek eta Udalak hautagaitza aurkeztu zuten. Azaroan Kontseiluak aukeratu egin zuen Azpeitia.
Otsailean euskalgintza osoak berak Baite Euskara Elkartea sortu zen, eta hauxe erabaki zen: Kontseiluak dioen bezala, herriko plana aurrera eramateko langileak Jarraipen Batzordeak (euskalgintza, Udalak eta gizarte eragileek osatua) hautatuko dituela, baina Baitek egingo duela Udalak emango lituzkeen hamar milioi pezeten kudeaketa.
Udalari ez zitzaion gustatu proposamena, gestio osoa Udal Euskara Patronatutik egin behar dela esaten baitzuen. Lehengo astean Udalak Baiteri adierazi zion Kontseiluaren plana baztertu egiten duela.
|