Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Maiatza »  Iritzia »  UPN euskaldun

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Hemendik ehun urtera UPN euskaldun!

Nora Zubizarreta (Tuterako ikastolako irakasle azpeitiarra)

Nafarroan une honetan euskararen egoera aztertu nahi badugu, ezinbestekoa da azken urte hauetan euskararen alde eta aurka egon diren mugimenduak aztertzea. Alde batetik, Nafarroako Gobernuak aurka ematen dituen pausoak daude, eta, bestetik, herri mugimenduak euskararen alde ematen dituenak; biak norabide paraleloa daramate. UPNko Gobernuak orain dela urte dezente Vascuen-cearen legea ezarri zuen, honek herrialde batean sortzen dituen gizabanako eskubide ezberdintasunak bultzatuz.

Nafarroa hiru zatitan banatu zuen; zonalde euskalduna (iparraldean kokatzen dena), zonalde mistoa (erdikoa) eta zonalde erdalduna (hegoaldekoa). Iparraldeko biztanleek euskaraz ikasteko, hitz egiteko eta, azken finean, bizitzeko eskubidea dute. Zonalde mistokoak ele bitan bizi ahal dira. Eta hegoaldekoek ez dute zertan jakin behar euskara existitzen denik ere. Nafarroako Gobernuak legea egin zuen bezala aplikatu izan balu egoera surrealista batzuk sortu izango ziratekeen, baina euskararen kalterako nahi izan duen moduan aplikatu duenez, egoera surrealista horiek gutxienez laukoiztu egin dira. Adibide bezala, Ilzarbe ibarra, Gares herria kenduta, zonalde erdaldunean sartzen da; beraz, ibar horretan euskaraz ikasi nahi badute Garesera joan behar dute (Obanos bi kilometrotara dago erdalduna da), teorian Garesen txartel guztiak ele bitan egon beharko lirateke, eta administrazioan lan egiten duten pertsonek bi hizkuntzak ezagutu beharko lituzkete. Noski, errealitatean, eta gure kalterako, gauzak oso ezberdinak dira. Iruñea zonalde mistoan sartzen da; beraz, euskararen presentzia ziurtatu beharko litzateke leku guztietan. Pertsona bat Tuteran jaiotzen bada ezin du euskara eta edota euskaraz ikasi; aldiz, Lesakan jaiotzen bada ez du arazorik. Baina ez ditzagun horren urruti dauden herriak hartu; Zizurko zonaldean, Zizur Nagusian jaiotzen bazara eskubide hori baduzu, zonalde mistoa delako —baldin eta 20 lagun elkartzen badira—; aldiz, ondoko herrian jaioz gero, eskubide hori galtzen duzu. Zonalde mistoan euskaraz ikasi nahi baduzu beste 19 lagun behar dituzu, eta, hala ere, nahiz eta legeak hori esan, ez zaizu ziurtatzen. Aldiz, zonalde euskaldunetan erdaraz ikasteko nahikoa da pertsona bat. Hau guztia aldatzeko, hots, legea, Oinarriak-ek orain dela bi urte ordu arteko kanpaina handienetariko eta arrakastatsuetako bat burutu zuen, baina Gobernuak, lege foral batek babesten zuen aitzakia jarriz, ez zuen gai hau tratatzen utzi.

Baina Nafarroako Gober-nuaren jokaera hau ez da kasuala. Euskararen aldeko herri mugimenduak, lege guztien gainetik, izugarrizko aurrerapausoak eman eta ematen ditu Nafarroan; ikastolak zonalde guztietan (gune erdaldunetan oraindik ere alegalak), Helduen Euskalduntze Alfabetatze erakundeak, auzo elkarteek, Oinarriak-ek, Sortzen-ek (publikoko D ereduko gurasoak), irakasleek... Herri mugimendu honek urte gutxitan eman dituen aurrerapausoen artean, Gober-nuak eta komunikabideek euskara gutxiesteko egiten dituzten kanpainen presioaren gainetik, azkeneko hiru urte hauetan %50 baino gehiagok ikasketak euskaraz egitea erabaki dutela da niretzat garrantzitsuena. UPNko Gobernua honetaz ohartu da, eta amorru bizian lege foralak zapalduz dekretu ospetsua martxan jarri nahi du. Dekretu honen arabera zonalde euskalduna desagertzen da, mistoa bihurtuz, eta beste zonaldeekin gertatzen dena hobe komentatzen ez badugu. Sanzek eta bere basaioak ez dira oraindik ohartu nafarrek oso argi eta garbi dutela zein den beren herria, eta beren hizkuntza eta proiektu eta ilusio guztiak horrantz bideratzen dituztela; beraz, legeak eta dekretuak bost! Eta kontuz ibili daitezela, bere botanteen artean euskaldunak badira eta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak