|
|
|
Kultur Etxea
Aurten ere dirurik ez Kultur Etxeko obrak egiteko
Nerea Uranga
Ikei enpresak egindako kultur azpiegitura eta dinamikaren azterketan, herriko taldeek eta inkestatuek Kultur Etxea beharrezkoa dela azpimarratu dute.
Herriko kultur-jardueren artean musikarekin lotutakoak dira nagusi
kultur-programazioan.
Herriko talde gehienen kezka nagusia izan da lokala izatea, euren jarduerak, ekitaldiak, ekintzak egiteko, prestatzeko eta biltzeko gunea izatea. Gaur egun, zenbait taldek badute lokala, ia kasu gehienetan udalak utzitakoa. Beste talde batzuek, ordea, herrian dauden areto edota lokal desberdinetan bildu behar izaten dute, hitzordua aurrez Udaletxean hartuta, ez dutelako gune finkorik. IKEI enpresak, udalak eskatuta, pasa den martxoan egin zuen, Behar eta Kultur-azpiegituren Azterketan, «Azpeitiko mugimendu kulturalaren eskari nagusiena» Kultur Etxea dela esaten du.
Herriko kultur azpiegituren egoera, taldeak elkarren berri ez izatea, ez ezagutzea, kultur erreferente den gune baten gabezia eta abar, eztabaidagai izan da herrian urteetan. Uztarriak lokalen inguruan egindako txostenean dioenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak 1984-87an egindako Kultur Ekipamenduen Programan, Azpeitia ere ageri da. Bertan, Basazabal eraberritu eta Kultur Etxea irekitzeko» asmoa agertzen da. Ordutik, Basazabal kanpotik bakarrik berritu da, eta ez zaio erabilpenik eman.
Uztarria Kultur Koordinadorak, Lokalei Buruzko Txostenean, Basazabalen Kultur Etxea irekitzeko proposamena egin zuen. Urte berean, udaleko aurrekontuan 25 milioi jarri ziren Basazabalen egingo zen Kultur Etxean gastatzeko. 2000ko aurrekontuan, gastatu ez ziren 25 milioiri 5 milioi gehitu zizkion udalak; beraz Kultur Etxerako 30 milioi geldituko ziren. Aurten ordea, 30 milioiak kendu eta bost besterik ez dira zuzendu Kultur Etxerako.
IKEIren azterketa
IKEI enpresak, herriko behar eta kultur-azpiegituren inguruko azterketa egiteko, 21 guneren egoera eta erabilpena aztertu du, 16 kultur-talde edo elkarterekin egon da (udalak utzitako lokalak erabiltzen dituztenak denak), zortzi elkarrizketa egin ditu, eta 400 herritarri inkesta kegin dizo.
Kultur-erabilpenerako erabiltzen diren azpiegituren inguruan, IKEIk ateratako datuen arabera, bai talde, bai kultur-agente eta baita inkestatuen erantzunetan ere Kultur Etxea-ren gabezia azpimarratzen da. Herriko guneen izaera polibalentea, ekintza edo ekitaldi ezberdinetarako erabiltzen direnak, nagusi direla ere esaten da. Bestalde, guneei dagokienean, Koartel Zaharra eta Institutua botatzeko asmoa dagoela-eta, Udalak lokalen inguruko aurreikuspena egin beharko lukeela dio: «Koartel Zaharrean herriko zazpi talde biltzen dira, eta Institutuan berriz, Euskara Patronatua; beraz, taldeentzat beste guneren bat aurreikusi beharko da». Soreasu Zine Aretoa, epe motzean berritzeko asmoa du udalak, eta gaur egun Sindikatu Zaharra eraberritzen ari da.
Azterketan, kultur-politikaren beharrak ere zehazten dira: «Herrian lan egiten duten kultur talde eta elkarteen beharren inguruan eta berauek betetzen duten papera herrian, kultur programazioan, eta espazioak eta beren erabileran», aztertu behar direla.
Jarduerari dagokionez, «musikarekin lotutakoak nagusi dira, beste edozein kultur-jarduerekin alderatuz. Eta programazio kulturala egiterakoan udalak protagonismoa handiegia dauka», diote taldeek.
|