Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Maiatza »  Kultur Etxea »  Iritzia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Basazabalek geldirik dirau

Uztarria Kultur Koordinadora

«Herriko taldeek batik bat kultur etxe baten beharra ikusten dute». Horixe da IKEIk (Ikerketarako Euskal Institutoak) Azpeitiko ekipamendu eta behar kulturalak aztertzeko egin duen ikerketan jasotzen duen ondorio nagusietako bat. Aspalditik ari dira herriko taldeak horixe bera esaten, Azpeitian kultur etxe bat behar dela esaten. Baina, aurtengoagatik ere berdin jarraituko dugu, kultur etxerik gabe, aurten ere Basazabalen obrarik ez duelako egingo Udalak.

1999ko aurrekontuetan 25 milioi pezeta onartu zituen Azpeitiko Udalak Basazabalen gastatzeko. Baina, guk ez dakigu zergatik, baten batek jakingo du igoal, Basazabalek lehengoan dirau, batere obrarik egin gabe.

Azpeitia herri bakanetakoa da Gipuzkoan kultur etxerik ez duena. Eta Azpeitia —hori denok dakigu— ezin esan lehenengo puntan dagoenik kultur sormenari eta kultur ekintzen antolakuntzari, difusioari dagokionean. Taldeak badaude, baina sakabanatuta; herrian lokalak ere egon, badaude, baina baldintza eskasetan, eta hainbat kultur ekintzetarako —tailerrak, ikastaroak, musika emanaldi txikiak...— ez dute balio. Eta kultur etxe bat erreferentzia eta biltoki ona litzateke taldeentzat, baliabide egokia kultur dinamika sendoa sortzeko.

Izan ere, herriko taldeek nahi dutena da herrian kultur-dinamika sendoa izatea (Udalak ere bai?). Baina horretarako taldeek ekimena behar dute, betiere zabaltasunez jokatuz, taldeak direlako kultura sortzen dutenak; eta horretarako, Udalak herriko taldeen lanarekiko sentsibilitatea izan behar du, taldeek sortutako dinamika kulturalak lagundu egin behar ditu. Azken finean, herriko taldeei baliabideak eskaini behar dizkie Udalak, azpiegiturak egokitu eta eskura jarri.

Azpeitiko Udalak 1998ko abenduko lehen osteguneko plenoan onartu zuen Basazabaleko eraikuntza historikoan obrak egin eta kulturarako erabiltzea. Era berean, udalak Basazabalen erabilpena eta izaera nolakoa izango zen erabakitzerakoan taldeekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen —nolakoa izango litzatekeen zehaztea ere ezinbestekoa delako; Uztarriarentzat, izaera zabala izan behar du, taldeei eta herritar guztiei irekia behar du izan—. Ordea, aurtengoagatik ere Basazabalek bere horretan jarraituko du, geldirik, herriko taldeek kultur etxe baten beharra ikusten segitzen duten bitartean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak