|
|
|
Kultura
: Txoko, eraikuntza eta festen irudiekin liburua kaleratzear da
Azpeitia irudietan
Udala
Kultura eta festen batzordeek kaleratzear du liburua. Hiru atal nagusitan banatu dira irudiak. Egileen hitzak eta fitxa jasotzen dira.
Laister aurkeztu eta kaleratuko da Azpeitia Iruditan izeneko liburua, Azpeitiko Udaleko Kultura eta Festa batzordeen eskutik. Azpeitiko txoko, eraikuntza eta ohitura ugari jasotzen dituen bilduma da, eta hiru atal nagusiren inguruan egin da: alde batetik, liburuan Azpeitiko Argazki Elkarteak Udalaren laguntzaz antolatu zituen argazki lehiaketaren bi edizio, 1998koa eta 2000koa, hartu ziren oinarritzat. Lehiaketara aurkeztu ziren argazki guztien artean, aipatutako urteetan udalean ordezkaritza zuten hiru alderdi nagusietako ordezkariek osatutako epaimahaiak argazki onenak aukeratu zituzten, eta hauekin erakusketak antolatu ziren bi edizioetan. Erakusketetan azaldu ziren argazki horiek guztiak biltzen ditu, hain zuzen, liburu honek. Hauekin batera, Juan Mari Ibarzabalen Azpeitiko Jaiak liburuaren aurkezpen herrikoia egiteko ospatu zen jaialdiaren erreportaia jasotzen du, eta bertan Azpeitiko festa nagusien (Sansebastianak, Inauteriak, Saninazioak eta Santotomasak) ezaugarri bereizgarrienak irudietan ikus ditzakegu.
Hiru atal nagusien barnean, argazki ezberdinak multzoetan sailkatzeko, argazki lehiaketaren bi edizioetarako antolatzaileek proposatu zituzten gai berberak errespetatu dira. Jaialdiko irudiei gagozkiola, argazkiak festen araberako sailkaketan oinarritu dira.
Irudi bilduma honetan parte hartu duten hamazazpi argazkilarien argazkiak azaltzeaz gain, hauetako bakoitza autorearen hitzez eta fitxa teknikoaz jantzia datorkigu. Liburuaren eraketan, argazkilarien parte hartzea ez da, beraz, argazkiak azaltzera mugatu, guztiek ahalegin berezi bat egin baitute irudi bakoitza euren hitzekin aberasteko.
Eta azken finean, horien guztien lanari esker osatu ahal izan da eta nahi duenaren esku izango da, Azpeitiko herriaren eta ingurunearen irudiak jasotzen dituen bilduma berezia: Azpeitia irudietan.
|