|
|
|
Iritzia
Bertsolaritza Urola Erdian
Laxaro Azkune (Kazetaria eta bertsozalea)
Urola Erdia deitzen dugun eremu honetan oso naturala izan da bertsolaritza ia oraintsu arte. Eremu hau noski Azkoititik hasi eta Zestoara bitartekoa, (Lastur-Itziar bailarak ere alde honetara izan du joera), tartean Azpeitia, Errezil eta Beizama hartuz. Herriak esaten ditugunean ezin ahaztu bailara honetan auzo eta baserri inguruak oso zabalak direla eta bertsolaritzaren iturri emankorra izan direla. Askori entzun diogu eta geuk ere neurri batean frogatu ahal izan dugu, baserri eta auzo ugaritan zirela bertsotan ongi defenditzen zirenak. Igande eta jai egunetan, hainbat motibok jarriko zituen kantuan. Batzuk beste batzuk baino iaioagoak edozein alorretan bezala. Nabarmentzen zirenen arteko neurketak izango ziren etxera baino lehen taberna txokoren baten, entzuleen poza eraginez baina tabernariaren ernegua askotan. Zaletasuna zuenak ezagutzen zituen leku bakoitzekoak eta elkar ikusi orduko bazekiten ez zirela erretiratuko saio bat egin gabe. Elkar bilatzen zuten. Giro natural horrek eusten zion bertsolaritzari eta ahoz aho jasotzen eta gordetzen ziren bertsorik biribilenak, sarritan etxekoen, apaizen eta agintarien aldeko bultzadarik gabe.
Gizartean eman den ohitura aldaketak gauza askotan eragin du eta nola ez baita bertsolaritzan ere. Erromeriarik ez dago, gaur eguneko pub eta tabernetan ezin da bertsorik kantatu, ez entzun, hitz egin ere ez dago egiterik eta. Entzulerik ezean akabo bertsolariak! 1980. hamarkadan hasi zen bertsolaritza lantzen, irakasten, giroa galdu zela oharturik, nonbaiten landu beharra zegoelako. Hasieran zalantza askorekin baina fruituak ematen zituela ikusirik hedatu egin da irakasteko joera. Bertsolariak trebatu arren entzuleak behar ditu ordea, kantatzen duenari arreta jarri eta bere lanaz gozatuko duen jendea. Beraz eskoletan, bertso eskoletan bertsoa landu daiteke eta biharko bertsolariak sortzeko oinarriak eta lanabesak jarriko dira baina bertsolariak bezain garrantzitsua bertso entzuleak dira. Bertsoa ezagutu eta kantatzen duenaren merituak berezi eta txalotuko dituena.
Gaur egun hori Urola Erdian ere ezinbestekoa da, berez naturala izan den lekuan ere gero eta urriago baitira bide naturaletik etor daitekeenaren aukerak. Nola egin hori? Etxean bertso zale denak zaleak izan ditzake bere ondorengoak edo ez. Eskolak badu zereginik, bertsoaren berri emateko eta lagunarteko lainezan, jolas gisa giro horretan funtzionatzeko. Bertsoak eta bere inguruak hizkuntzarekin jolas egiten irakasten du, ziria sartzen, hizketan zorrotza eta trebea izaten. Gaur eguneko euskara mintzatuaren kalitate ahulak oso iturri aberatsa luke, eta sendagai egokia hizkuntzaren baliabide eta sekretuen jolas horretan ikasiz gero. Ez asignatura gisa hizketarako tresna gisa. Nor ez du bestea baino hiztun egokiago izatea gogoko? Nork ez dio hiztun trebe eta zorrotzari pozik entzuten? Hiztun onak ez al ditu bizitza honetako arazo asko errazago gainditzen?
Gauza hau egia izanik ere oraindik irakaskuntzak ez du hizketan erakusten. Horretan ari dira Joserra Garzia eta Andoni Egaņa. Hori landu dute eta irakasteko metodologia ere garatu dute. Gure bailara honetan ere beraz ez litzateke gaizki etorriko bertako irakasleria ere horretan trebatzen hasiko balitz. Ikastaroak antolatu, prestatu eta gero praktikan jarri. Hiztun trebea izan behar du bertsolari onak, nahiko frogaturik dagoena da hori.
Bertsolaritzatik hasi eta hizkuntzarekin bukatu badut ere, ulertzen samurra da, bertsotarako hizkuntzaren artista izan beharra baitago. Erniarraitzek egin nahi duena ez da besterik, bertsolaritza gure bailara honetan naturala izan dadila aurrera ere, eta berezko baldintzak galdu direnez, egokiera berriak antolatu, horrek jarraitu dezan.
Informazio gisa azkenik: Eskoletan bertsolaritza lantzen da, Azkoitian Xabier Muniben; Azpeitian: Ikasberri, Karmelo Etxegarai eta Iraurgin; Errezilen eta Zestoan ere bai herriko eskoletan.
Helduen mailan Azkoitian badago eskola, Azpeitian ere bai, bi mailatan: hasiberriak eta elitekoak; eta baita Zestoan ere. Eskolaren inguruan herri bakoitzean taldea martxan egotea da premiazkoa, herriko bertso giroa sustatzeko. Horixe da Erniarraitzek bultzatu nahi lukeena.
|