|
|
|
Gazteak
: Enok Suduperen kartelak iragarriko du II Gazte Astea
Haur eta gazteentzat egitarau berezia Aste Santurako
Udala
3 urtetik 12 urtera bitartekoek Larunbatez Jolas egitaraua izango dute. 13-17 urte bitartekoek II Gazte Astea ospatuko dute Aste Santuko oporraldian. Eguraldi txarra egiten badu, ekitaldiak leku estalietan egingo dira.
Aste Santuko oporraldian, apirilaren 17tik 21a bitartean, martxan jarriko diren bi programazio berezi antolatu ditu udalak Azpeitiko gazte eta haurrentzat. 13-17 urte bitarteko gazteek, Gazte Astea delakoan sartutako ekintzez gozatzeko aukera dute; eta 3-12 urte bitartekoentzat berriz, Larunbatez Jolas programak egitarau berezia prestatu du udalak.
Larunbatez Jolas, bere izenak dioen moduan urte osoan zehar larunbatez egiten den programa bada ere, Aste Santurako bost eguneko programazio berezia antolatu du. Bertan, adinen arabera moldatutako taldeentzat ekintza ugari antolatu dira. Horrela, talde arrosakoek (3-6 urte bitartekoek) Goenara irteerak, ingurugiro etxera bisitaldiak, tailerrak, indioen eguna eta Altxorraren bila jolasa izango dituzte. Talde berdeak (7-9 urtekoak) eta urdinak (10-12 urtekoak), begirale ezkutua, bizikleta irteera, ingurugiro etxera bisita, egun osoko irteera mendira eta tailerrak izango dituzte, besteak beste. Eguraldi txarra egingo balu, aurrez prestatutako egitarau alternatibora joko dute antolatzaileek.
Gazte Astea
Antolatzaileak ikastetxez-ikastetxe joan dira Gazte Astearen programazioaren berri ematen. Programa osatu aurretik, gazteekin bilerak egin dira, ahalik eta egitarau erakargarriena osatzeko. Helburu berberarekin, iaz arrakasta izan zuten ekitaldiak errepikatuko dira aurten ere: hala nola, futbola, saskibaloia, eskupilota eta arrantza txapelketak, errokodromo eta haitzetako eskaladak, goitibeherak, makilaia, estentzio eta tatuai tailerrak, aerobic saioak, patata tortila lehiaketak eta Trialsin erakusketa ikusgarriak. Azken egunean, sari banaketa egingo da herriko plazan, eta bukatzeko karaoke eta diskoteka izango dute gazteek Zapo Txoko Gazte Klubean. Gazte Astearen iragarlea, kartel lehiaketaren irabazle Enok Suduperena izango da.
|