Iritzia
: 2001-04-3an ‘Egunkaria’-n argitaratua
Naturala hintzen, Diego
Andoni Egaña - Bertsolaria eta idazlea
Edozein azpeitiarrek aitortuko dik, Diego, tipo ‘natuala’ hintzela. Eta hori, hik badakik ondo, ohore handia duk azpeitiarren ahotan.
Halakoxea hintzen, izan ere: gizon behar zenean gizon, eta umetu behar zenean umetzen zekiena. Gauza hintzen Lasarteko Krosaren ondoren hire ideiekin bat zetorren aldarrikapen pankarta ateratzeko, gero horrek hire ba-beslearekin arazoak sor bazitzakeen ere. Aldi berean kapaz hintzen edozein kazetariri telefonoz hotsegin bazkalondoan eta “!Oye, perdona si te he pillado triki-triki a estas horas!” esateko.
Horrexegatik maite hindugun. Zintzoa hintzelako eta aldi berean jolastia. Gogoan diat joan den urriko iluntze hura. Amsterdameko hire azken maratoia baino hamabost bat egun lehenago. Egurtu bat hartuta iritsi hintzen Elosiagako sagardotegira. Sekula baino iharrago hengoen, kokoterainoko begi-zuloekin. Lau milako lau serie egin omen hituen egun hartako entrenamenduan. Lehenengoa kostata bukatu omen huen. Eta bigarrena hastera hindoala azaldu omen zitzaian hire betiko entrenatzailea, Xanti, Zumarragan jai zela egun hartan eta. “¿Cuan-tas series llevas?”, galdetu omen zian. Eta upelen babesean aitortu hidaan, bizitzan lehen aldiz gezurra esatea ere etorri zitzaiala burura, hain omen hengoen nekatua! “Dos”, ezpain ertzetaraino etorri arren, “una” erantzun hioan. Bejondeiala!
Korrika oso ona hintzela ez diat nik jarriko, bestela bertsotan hain ona ez hintzela ere jarri egin beharko nikek. Eta bertsolari txarra ez hintzen: diferentea izatea. Hitzekoa bai. Gutxi bezalakoa hintzen hortan. Heuk ere ez dakik zenbat lagun utzi duan! Eta geuk ere ez zakiagu hiri esker zenbat lagun egin dugun!
Jai goizean nola edo hala jasan genian irteerako une gogorra. Baina ni lehertu egin ninduan hire txabola parean pasatzean. Osteguneko txabolako afaria pittin bat atzeratu diagu. Baina egin egingo diagu, hago lasai. Han elkartuko gaituk Manuel hire anaiarekin, Larrume, Jexux, Agustin... Eta Xebastian eta beste Xebastian eta Fernando eta Pako eta Benantxio... Betikoak. Ez diagu iluntze txarra pasako: diferentea izatea.
Hango kontuak jakiteko amorratzen omen hengoen eta kontatu egingo diat. Izan ninduan, bai, Bartzelonan. Familiarekin. Eta Montjuicera igo ginduan. Orandik han zagok, stadiumaren sarreraraino, 92ko maratoiko arraia urdina. Hire ametsetako marra. Umeei propio erakusi niean. Eredu bat izan dezaten. Hirea. Jolasti zailduarena. Zaildu jolastiarena.
Bueno hi, honi buelta ematen hasi beharrean gaudek gu eta utzi egingo haut. Baina denbora luzean ibiliko zaidak buruan jiraka erantzunik gabeko galdera bat: beti azkena geratzen hintzen horrek, zergatik aldegin behar izan duk oraingoan lehenengo?
|