|
|
|
Iritzia
: (2001-04-1ean ‘Egunkaria’-n argitaratua)
Maratoiko soldadua
Enekoitz Esnaola
«Ikusten al duk nire zilborra? Ondo nagok, bi kilo besterik ez ditiat hartu». Diego Garciaren hitzak dira, lehengo larunbatean lagun artean tragoxka bat hartzen ari zela esandakoak. Joan den azaroaren 12az geroztik beste bizimodu bati ekin zion atleta azkoitiarrak, orduan korritu baitzuen profesional gisa azkeneko lasterketa; maila bikainean korritu ere, bere 39 urterekin bigarren egin zuelako Behobia-Donostia zailean. Baina erretiratzea erabakita zeukan, eta gustura zegoen handik gutxira: «Lehen pasta baino ez nuen jaten; arroza batik bat. Orain ez. Badira egunak pasta ez dudala probatu ere egin. Orain garbantzuak, lentejak jaten ditut», zioen, beste bizipoz batekin. «Eta txuletak ere bai. Eta, behingoz, lasai, gainera. Izan ere, lehen noizean behin txuleta bat jaten banuen, gero hori lasterka bota egin beharko nuela pentsatuz jaten nuen. Orain ez. Orain lasai jaten dut». Hala ere, ez zion atletismoari kolpetik utzi, astean laupabost aldiz joaten zelako entrenatzera, lehengo erritmoan aritzen ez bazen ere. «Baten bat bizi-bizi ikusten bazuen, ordea, hari segitzea gustatzen zitzaion», diote Diegoren lagunek. Atzo bertan Alejandro Gomezi lagundu zion entrenamenduan. Sasoian baitzegoen. Sasoian egon beharra ere bai, azkeneko hamabost urtean masajeak eman dizkion Juan Mari Olaizolak dioen bezala, «puntako kirolariek bihotza oso handia izaten baitute, oso pultsazio gutxi izaten dituzte, eta, erretiratutakoan pultsazio gehiago izatera pasatu beharra dute, apalago baina entrenatzen segituz». Eta, gauzak nola diren: entrenatzen hil da Diego.
Orain dela hogei bat urte hasi zen atletismoan. Soldadutzari esker, armadaren kontrakoa zen arren. «Garai hartan derrigortuta zegoen soldadu joatea, eta joan egin behar. Ferrolera (Galizia). Marinan egon nintzen, eta, aukera nuenez, atletismoan federatu nintzen. Hemezortzi hilabetean lasterka baino ez nuen egin. 75 kilorekin joan nintzen eta 65ekin etorri. 5.000 metroetan, 18 minutuko denborarekin joan eta 14.54koarekin etorri». Hara joan aurretik arrantzale izan zen, Getarian, hiru urtean. Handik etorritakoan fundizioan aritu zen, herrian, Azkoitian, eta hiru urtera langabezian geratzeak bere mesedea ere egin zion. «Zubillaganetik kalera bidali ninduten. Kolpea izan zen, baina geroztik bete-betean heldu nion atletismoari».
Hogeita zortzi urterekin korritu zuen lehen maratoia, eta puntako maratoilaria izan da, zorte txarra izan duen arren. Behin, adibidez, Bostonen ia deshidratatu zen: ura edateko pasoetan bere botilak zein ziren igartzeko, botilak zuri-gorri-berdez pintatu zituen, baina gero karreran ez zituen botila haiek aurkitzen, etiopiarrek kentzen zizkiotelako, hauek ere beren banderako koloreak dituztelako berdea eta gorria, horiarekin batera. «Deskuidatu egin ziren, nonbait. Egundoko marka joan zitzaidan pikutara horregatik, azkeneko kilometroetan indarrik gabe geratu nintzelako».
Maratoira noiz pasatu asmatu egin zuela esaten zuen Diegok, baita maratoia noiz utzi ere, sasoian zela utzi baitzuen, arrastaka ibili gabe; azkeneko bi maratoiak iaz korritu zituen, eta Seulen bigarren izan zen. Erretiratu zenetik, Jexux Aranbarri ziklista ohiarekin Azpeitian zeukan kirol-dendan lehen baino lan gehiago egiten zuen. Mendira ere bueltak egiten zituen, txakurrarekin; «Huescara joatea dut gustuko, eta oilagorretan ibiltzea».
Bertsolaritzaren amorratua ere bazen —«urrezko domina emango nieke bertsolariei»—, eta hor saiatzen zen Xebaxtian Lizaso eta Andońi Egańa lagun minekin ahal zuen moduan bertsoa osatzen bere hizkera xelebre hartan. Haren gurasoak extremeńoak dira, eta bera euskaldunberria zen, euskara bere kasa ikasitako euskaldunberria. «Hi, baina nik ikasi!».
Orain dela urte batzutatik Azpeitian bizi zen, eta inoiz entzuten zuenean azkoitiarren eta azpeitiarren arteko historiko eztabaidaren bat, bera alboan geratzen zen. «Ez zaizkit gustatzen haserretxo horiek». Atzo Azkoitiko eta Azpeitiko erdibidean hil zen, Loiolan, Diego Garcia zirkuituan, lasterka ari zela. Galanta da! Agur, Diego.
|