Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Apirila »  Bertso astea »  Jexux Lopetegi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bertso Astea : Jexux Lopetegi n Erniarraitz-en bertso paper lehiaketan bigarrena

Seme

Jexux Lopetegi bertsozalea da eta garai batean egunkarietan idatzi izan duena, hala nola, Azpeitiko jaietan, maratoiari buruz, Uztapide hil zenean edo Xebaxtianek txapela irabazi zuenean. Ondoko bertsoak, «semeari nion zor bat» direla dio berak.

1

Ekografian azaldu zinen

maitasunaren distira.

Munduratzean ama oinazez

eta emaginak tira.

Amaren bihotz ondo-ondotik

nire altzo urdurira.

Erditzearen kezka uneak

hunkigarrienak dira

eta negarrez lehertu nintzen

zure loari begira.

2

Gero etxean lagun, osaba

ta izebaren gerizan.

Beasaingo bi aiton-amonak

ere bisitan zebiltzan

ta Azpeitiko amama berdin

ospatzen genuen ditxan.

Nire aita zena zure aittitte

falta zen gure bizitzan

eta lehiora altxa zintudan

Zerutik ikusi zintzan.

3

Baina azaldu ziren kontuak,

guztien arduradun gu:

hiru orduz behin bularra eta

gero haizeak urrundu,

dutxa ta krema ipurdirako,

Dodotis garbia nundu?,

otitis edo sukarrarekin

zenbat gau ez den ilundu.

Guraso berri-berriak gara

ene Jainkoa lagundu!

4

Gogoan ditut «ata» ta «amma»

aurrenengo bi hitz samur,

lau hankatako sprintak eta

hatzekin esaten agur,

zutitzen nola saiatzen zinen,

azkenik ni pauso labur.

Aurrerantzean lan zaila neukan

halere ez nion beldur.

Ez zintezela inon erori

ta inorengana makur.

5

Txiki-txikia, polit-polita

eta rubio-rubio.

Lehen pailazo, hartzatxo eta

ipotxari amodio,

gero Mickey Mouse edo Peter Pan

ta orain Pokemoni oh!

Gurasoari tranpak egiten

ere hasia serio.

Lau urterekin zortzikoaren

malizia. Demonio!

6

Izanez gizon, izenez Julen,

mimoso eta txulito.

Etxea hautsi, margotu eta

pozten digun ijito.

Barazkiekin goserik ez ta

makarroiak jaten ito.

Engainuaren birtuosoa

aitzakien pol itiko.

Katu bazina, eman nizkizun

honezkero bi ostiko!

7

Ikastolara joanagatik

garbi eta orraztuta,

itzultzen zera, ez dakit nola,

lokatzatan narrastuta.

Azkazaletan plastilina ta

aurpegia marraztuta.

Prakak hautsirik, belaunetan min,

Jonekin barrabastuta.

Munduko berri hartzen hasia

harremanak arnastuta.

8

Zeinen goxoki ta irrifartsu

zeran mutiltxo bat hazi.

Hauxe idazten ari naizela

bizkar gainean itsatsi.

Bihurrietan katedratiko

ta gehiago nahi ikasi.

Sasi arrazoi handirik gabe

zigorren bat irabazi.

Zure erruak salatu nahian

neureak agerrarazi.

9

Ilusioak zipriztindua

nire opari eroa.

Gure bihotzean elikagai ta

amets guztien hegoa.

Tristura denen alaitasuna

maitasunaren beroa.

Presaka handi izan nahi dezun

fantasien gerreroa.

Zaudela lasai zeren denborak

emango dizu geroa.

10

Aurki Liliput utziko dezu,

inozentzia baztertzen.

Hasiko dira espinilak ta

lehen bizarrak agertzen.

Ahotsa lodi, sexua piztu

eta gorputza edertzen.

Arauen aurka borrokatu ta

eztabaidatan aspertzen.

Bide beretik pasatu nintzen

saiatuko naiz ulertzen.

11

Gazteen nahien labirintoan

hainbeste arazo klase.

Urte zailenak gizonarentzat,

dena kezka ta oinaze.

Animo seme, altxa burua!

pasatuko zaizu aise.

Zalantzarekin noizbait bazera

nire aholkuen gose,

aitan laguntza emango dizut

lagunari bezalaxe.

12

Zeurekin pozik egotea da

aurrenengo inolare.

Ametsak egi bihurtu eta

izan irriaren jabe.

Bidaiarekin ere gozatu

munduko hainbat ondare.

Harremanak onak loratu eta

malko usainetik alde.

Ez ditzazula urteak galdu

minuturik bizi gabe.

13

Eskubidea zeurea dezu,

itxaropena nirea,

egun batean nahiko dezula

bakarrik egin bidea.

Eta ikusten baldin bazaitut

osoa eta librea,

giza-balorez jantzia eta

zorionaren kidea,

zeharo arro sentituko naiz,

gauzatu degu idea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak