|
|
|
Basarte
Oñeder S.A.k Basarten ez du jarriko enpresa
Jon Aranburu - Idoia Mendizabal
Bi urte pasatu dira Oñeder S.A.k udaletxean jarduera
baimena eskatu zuenetik. Oñederrek probak eginak ditu, baina Basarten jarduera martxan jartzea jada historia dela diote. Azpeitiko Udalean baimen eskaera mantendu egiten da oraindik
Dirudienez, Oñeder SA enpresak ez du jarduerarik egingo Basarten —bai, ordea, beste nonbaiten—, arduradunek Uztarriari baieztatu diotenez; bere garaian Erkaxok baserritarrek, EHk eta EAk eskatu zuten hori bera.
Azpeitiko biztanle askori urrutikoa iruditu izan zaigu Basarteko auzia. Askok, Azpeitiari baino Azkoitiari dagokion arazoa dela uste izan dugu. Basarteko auzoa Azpeitiko lurralde administratiboaren barne dago, Loiolatik gertu. Bertan, altzairu-ekoizleen ustetan altzairutegietan sortutako hautsekin —hondakin arriskutsuak— amaituko duen planta ireki nahi izan dute. Bertako biztanle eta hainbat adituren arabera, ordea, jarduera horrek arrisku bizian jarri ditzake ingurugiroa eta giza-osasuna. Gogoratu besterik ez dago Oñeder altzairutegiko hautsen zabortegi inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko azterketan hainbat metal astun agertu zirela: zinka, beruna, kadmioa, kobrea, nikela eta kromoa, besteak beste. Eta aipaturiko sustantziak, neurri batzuetatik gora, oso kaltegarriak dira gizakion osasunerako. Urrutira joan gabe, erreuma kronikoak, anemiak, giltzurruneko gaitzak eta paralisiak, diabetea, neuronia eta gibeleko gaitzak eragin ditzake.
Urte t’erdi beranduago, auziak zabalik dihardu, konponbiderik aurkitu gabe. Zenbaiten ustez, gure herrietako altzairutegiek inguruneari buruzko legedi eskasa eta oraindik guztiz garatu gabeak dituen hutsuneez aprobetxatu nahi dute; alegia, hondakinak gizarteratzen direla, guztiok jasan behar ditugula, baina etekin ekonomikoak beti ere jabego pribatuen esku geratzen direla diote.
Historia apur bat
Altzairua lortzeko labeetan sortzen dira Oñeder eta gisako enpresek tratatzen dituzten hautsak. Txatarraren urtze prozesuan bere osagai izan daitezkeen metal astunak airera pasatzen dira solido egoeran. Haien aireratzea gutxitu ahal izateko filtro batzuetara daramatza aire xurgailuak, eta filtroetan gelditzen den hauts kopurua ondoren bildua izaten da.
Hondakin industrial hauek, toxiko eta arriskutsuen artean sailkatzen ditu administrazioak. Ondorioz, inertizatu ahal izateko prozesuak abian jarri ziren. Horietako bat da Oñeder altzairutegietako hautsen zabortegia (Azkoitian).
1999-ko apirilaren 4an, Oñeder S.A., hondakinen enpresa kudeatzaileak, altzairutegiko labe elektrikoetan sortutako hautsekin, berriro burdinaren ekoizpen prozesuan erabiliko liratekeen briketak egiteko enpresa zabaltzeko iharduera-baimena eskatu zion Azpeitiko udalari. Enpresa, Basarteko industrigunean kokatzeko asmotan. Proiektuaren arabera, 240 tona hauts tratatu nahi ziren egunean, 77.000 tn/urteko, datu ofizialen arabera, euskal autonomiako hautsen ehuneko ehuna.
Proiektuak behin eta berriro aldarrikatzen du «jarduerak hondakinetan aurkitutako baliabideak giza-osasuna eta ingurumenean kalterik gabe ustiatzen» lagunduko duela. Era berean, prozesu guztian zehar «hondakin arriskutsurik ez duela jariatuko» bermatzen da.
Antzeko proiektuak martxan jarri nahi izan dira Abanton eta Amurrioko Saratxon, baina bertoko iritzi publikoaren erantzun gogorrarekin atzera bota ziren.
Aurkako kritikak
Hainbat elkarte eta adituren ustez, Oñeder-ek aurkeztutako proiektuan azaldutakoak praktikan ezinezkoak dira lortzen. Batetik, Erkaxo Ingurugiro Taldeak Azpeitiko Udalean aurkeztutako salaketaren arabera, «batere hondakinik sortzen ez duen industria-prozesurik ez dela oraindik asmatu» zioen, eta beraz, «Basarteko plantan leudekeen manipulazio-prozesuak inguruko lurretara eta errekara hondakinen isurketak» eman zitzakeen.
Era berean, «Basarteko Industrigunea nekazal eremu aberats eta emankorrez inguratua eta ur garbiko erreka igarotzen» zela azpimarratzen zuten, lur-sailen ordenazio legeen arabera era horretako ingurune batean gisa horretako industri-iharduerak debekatuta daudela gogoraraziz.
Garai beretsuan, Santa Kutz-Basarte kolektiboa aurkeztu zen, nagusiki Santa Kutz auzoko baserritarrek osatua. Kolektibo honek bazuen lehendik antzeko esperientziarik , enpresa berak Azkoitian 1994tik altzairutegietan sortutako hautsen zabortegia kudeatzen baitu. Talde honek informazioa zabaldu zuen, eta proiektuaren bideragarritasun eza azpimarratu. Oñederrek «lurrei eta bizi kalitateari» egingo liokeen kalteaz ohartuta, «aurre egin zitzaion», dio Sara Azpiazu baserritarren abokatuak.
Baserritarrak, Oñeder S.A. probak egiten hasia zela ohartuta, udaletxera jo zuten, eta honek «jarduera gelditzeko agindua eman zuen; Ertzaintzak laginak hartu zituen delitu ekologikoaren inguruan diligentzia irekita zegoelako». Ondorioz, institutu toxikologikora bidali ziren laginak, eta bertan sustantzi arriskutsuak aztertu ziren. «Kadmioak 0,01 kopurutik gora kantzerra sortarazten du, eta kasu honetan kopurua izugarri handitzen da, 40 aldiz handiagoa da».
Baserritarren kezka nagusia, gaur egun lizentzia eskaera erretiratu gabe izatea da: «Zer gertatuko litzateke hemendik 10 urtetara baiezkoa etorriko balitz?». Abokatuaren esanetan, «Ingurugiro Sailaren esku dago kontua orain, eta bitartean espedientea geldirik dago. Espero ordurako kasua artxibatua izango dela».
Uztarriari Oñeder SAko arduradunek esan bezala, «iada proba industrialak eginak ditugu beste leku batean, orain garapen industriala egingo dugu. Baina, Basarten jarduera martxan jartzearena historia da guretzat».
|