Martxoaren 8a
: Itziar Arratibel (Gizarte Hezitzailea)
«Mexikon emakumearen rolak oso markatuta daude»
Itziar Arratibel Mejikon ihardun da lanean, bertako talde batean, nekazal eremuko emakumeentzat enpresa txikien egitasmoak burutzen. Laister, berriro abituko da Mejikorantza.
Noiz joan zinen aurreneko aldiz Mexikora, eta ze asmorekin?
Orain bi urte joan nintzen aurreneko aldiz, eta bi urteotan bederatzi hilabeteko egonaldiak egin ditut bertan. Turista bezala joan baino gehiago, lana egiteko gogoa nuen, eta kontaktu baten bitartez heldu nintzen bertara.
Eta zertan egiten duzu lan bertan?
Bertan emakume nekazariekin egiten dugu lan. Hori ere nire gogoen artean zegoen, kanpora joateko eskaintza desberdinak aztertu nituen baina lehentasunen artean emakumeekin lana egitea nuen, eta aukera paregabea izan nuen horretarako.
Bertako lan talde batekin ari zara gainera lanean ezta?
Bai hala da, Red Mujeres del Bajio da taldearen izena. Han bertako talde txiki bat da eta Mexiko erdialdeko gunean ari da lanean. Taldearen lana emakumeen enpresa txikiak sortuz egitasmoak aurrera eramatea da, baita komunitateko aurrezki kutxak osatuz eta abar., lan guztia jeneroaren ikuspuntutik egiten da. Desberdina baita jeneroaren ikuspuntutik lana egitea, helburu desberdinak eduki ditzakezu.
Nolakoa da emakumearen egoera Mexikoko zonalde horretan?
Hemengoarekin alderatuz, oso gogorra da, egunerokotasunean rolak askoz markatuago daude, erabakiak hartzeko eskubiderik ez dute. Hemen, suposatzen da, era batera edo bestera emakumeok aukeratzeko ahalmena dugula, aukeratu egiten dugula, baina han are nabarmenago ematen da ezintasun hau. Kasu batzuetan beren familia eremutik ezin aterata daude.
Gainera gune horretan latzak dira emigrazioaren eraginak.
Bai, ia ez dago gizonik bertan, ia denak Estatu Batuetara emigratu dute, emakumea da familiaren buru gelditzen dena. Ordea, dena gizonari kontsultatu beharrean aurkitzen da. Izugarria da telefono bidez jasaten duten kontrola.
Zu lanean ari zaren taldeak zertan eragin du hango emakumeengan?
Batez ere bi eragin izan ditu: Emakumeak komunitatean lana egiteko aukera dauka, eta hori inoiz ez du izan eta bestetik irekitzeko aukera, hau da familia eremutik irtetzekoa, baina zailtasun askorekin. Bertan lanean ari den emakume askorentzako, ez da lana egiten dutena, bizi proiektua da.
Mexikoko emakumearen egoera eta hemengoa alderatu al daitezke?
Arazoak eta desberdintasunak antzekoak dira. Hemen ematen du desberdintasunak gaindituta daudela, baina sustraiko gauzak berdin jarraitzen dute. Egunerokotasunean ere, sustraiko gauzak hor daude, eta ez gara ohartzen.
|