Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Martxoa »  Iritziak »  Lan istripuak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Lan istripuak: segurtasuna eta prebentzioa

Xabier Aranbarri (Ingeniaria)

Azken urte hauetan, enpresetan gori-gorian dagoen gaia da segurtasuna eta prebentzioa. 2000. urtean Euskal Herri mailan lan istripu tasa handia jasan genuen eta aurtengoa ere bide berberetik hasi da; Azpeitian jada izan da langile hildakorik.

Bai enpresak eta baita gizartea ere azkenengo hamarkadan ari da gai hauek behar duten adina garrantzi ematen (komunikabideek agintzen duten aro honetan gero eta arreta handiagoa jartzen dute lan istripuetan). Sindikatu eta beste giza erakunde batzuen lanari esker, lege eta araudi berri batzuk sortu dira, eta bai segurtasuna eta bai prebentzioa enpresako beste edozein sail (kalitatea, produktibitatea...) bezala onartuak daude, eta ziurtatze agiriak eta guzti ematen dira.

Azpeitia mailan ere jakina da enpresa batzuk inbertsio handiak egiten ari direla arrisku ebaluaketa, formazio, eta makina eta instalazio eraldatze prozesuetan. Poliki-poliki enpresa arduradunak gero eta baliabide gehiago uztartzen ari dira eta lan arriskuen prebentziorako politika nabarmenak azalduz doaz lan arlo batzutan. Beste batzuk ordea (eraikuntza, fundizioa...), oraindik oso atzera gelditu dira. Euskal Herrian adibide esanguratsuak ditugu bi edo hiru goi mailako enpresatan, (Irizar, Zit), non nahiko garbi geratzen ari baita prebentzio helburu horiek lortzearekin batera produktibitate eta konpetibitate maila handiago batzuk ere lortzen ari direla.

Beraz, nabari da mentalitate aldaketa bat ematen ari dela, nahiz eta horretan legedi berriaren isun eta inspekzioak zerikusi handia eduki. Baina mentalitate aldaketa hori behar-beharrezkoa da enpresaren maila eta arlo guztietan ematea, eta norbera bere erantzukizunez ongi jabetzea. Horretarako bai langileek eta bai arduradunek inplikazio maila handi bat hartu behar dute proiektuak aurrera eramateko. Inplikazio hau nagusi edo arduradunen aldetik azaldu behar da lehendabizi: behar diren neurri guztiak hartu, merezi duen garrantzia eman eta behar adina inbertitu, langileei behar duten formazioa eman... Ez ordea, lege edo araudiak betetzeko soilik, baizik eta benetan lanpostu egoki eta seguruak eratzeko.

Konpromisoa baita ere langileen aldetik, martxan jartzen diren protekzio ekipoak behar bezala erabili, makina eta instalazioen segurtasun sistemekin lan egin eta horrela ari ez den lagunari ipinarazi, bere lanpostuan ikusten dituen hutsune guztiak arduradunei jakinarazi eta behar ez den arriskurik ez hartzeko.

Langilea izaten da normalean bere lanpostua ongien ezagutzen duena eta beraz, lanpostu, instalazio eta makinaria egokitzeko orduan faktorerik garrantzitsuena. Baina baita ere langilea izango da bizio eta ohitura txarrak aldatu beharko dituena eta lana egiteko era berri horretara egin beharko dena. Bera da lanpostuko arriskuak estaltzeari mesedea aterako dion lehena, eta betiere bere segurtasuna ziurtatu behar duena beste gauza guztien gainetik.

Nahiko garbi dago beraz, segurtasuna eta prebentzioa enpresako maila eta ardura guztien erantzukizuna dela eta guztientzat ongarri izatera irits daitekeela. Baina gizarte honetako beste arlo askotan bezala, enpresa edo organu guztiek ez dute horrelako proiektu baten behar den adina gastu egiteko ahalmenik. Lantegi txiki eta zahar askorentzat erabat ezinezkoa izaten da planteamendu horiek egitea eta beraz, ezkutuka ibiltzen dira (parte ez emanez, inspekzioak saihestuz...). Hor hirugarren inplikatu batek hartu behar luke parte, eta oraingoz ez da behar adina busti: instituzioak. Horren gai ga-rrantzitsua izanik eta oraingo egoera ikusirik, ez daude behar adina diru laguntza, eta hemen ere gizartearen betebeharrei bizkarra emanda azaltzen zaizkigu.

Beraz, inplikazio maila hauetara iritsi arte, istripuek jarraitu egingo dute. Baina hori bai, geure esku egongo da hain apustu garrantzitsu honi aurre egitea, betiere kontzientziazioaren eta parte hartzearen bidez.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak