Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Martxoa »  Baite

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Baite Euskara Elkartea

Herriko euskalgintzaren elkartea abian da

Iban Arregi - Nerea Uranga

Otsailaren hasieran sortu zen Azpeitian inoiz sortu den euskara elkartarekik zabalena: Baite. Ikastetxe guztiak, Uztarria, Udal Euskaltegiko langileak... daude bertan. Hasiera-hasierako helburua Kontseiluaren herrietako plangintza aurrera eramatea da.

 

Baite Euskara Elkartea otsailaren 10ean aurkeztu zen jende aurrean, eta lehendabiziko helburua Kontseiluaren herrietako plangintza aurrera eramatea izango du. Azpeitiko euskalgintzako inoizko elkarterik zabalena da, honoko taldeak biltzen baititu bere baitan: herriko ikastetxe guzti-guztiak (Betharram, Ikasberri, Iraurgi, Jesusen Alabak, Karmelo Etxegarai, Mila-grosa eta Urola BHI), Uztarria Kultur Koordinadora, Udal Euskaltegiko langileak, AEK, EHE eta Erniarraitz Bertso Elkartea.

Baite Euskara Elkartea, izaera aldetik, euskatzale guztiei irekia dago, eta bere jarduera, euskara normalizatzeko beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatzea izango da. Elkartearen estatutuetan jasotzen denez, «beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du». Hala ere, egitasmoak egiterakoan, ahal den heinean, udalarekin elkarlanean jardungo dutela diote estatutuek.

Euskara normalizatzea helburu

Baite Euskara Elkartea-ren azken helburua herrian euskara normalizatzea da. Baina helburu hori lortu artean, baditu bitarteko beste helburu batzuk ere: herrian euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea, herrian euskaraz bizi ahal izateko lan egitea, herrian euskarazko komunikabideak bultzatzea... Izan ere, Azpeitia ez da hain-hain herri euskalduna, elkarteko kideek diotenez: «Arlo batzuetan oso herri euskalduna den arren, bada euskara oso gutxi edo batere erabiltzen ez den arlorik ere. Euskararen egoera uste baino pattalagoa da: enpresak, dendak, anbulategia, epaitegia, gaztelerazko prentsa irakurtzeko joera...».

Kontseiluaren herrietako plangintza

Kontseiluak herriak euskalduntzeko esperientzia pilotoak jarriko ditu 12 herritan, eta Azpeitia da 12 herri horietako bat. Eta Kontseiluak ezinbesteko ikusten du prozesu hori edozein herritan martxan jartzeko hiru hanka izatea: herriko euskalgintza, herriko udala eta herriko gizarte eragile garrantzitsu batzuk. Oraingoz, Kontseiluaren esperientzia pilotoa aurrera ateratzeko beharrezkoa den dirua —10 milioi pezeta inguru— jartzeko konpromisoa hartu du Azpeitiko Udalak, eta diru hori nola kudeatu hitz egiten ari dira orain Euskara Elkartea eta Udala. Kontseiluak hasiera-hasieratik esan du herrietako bere kontaktua euskalgintza izango dela —Azpeitiko kasuan Baite Euskara Elkartea—, eta plangintzaren inguruan hartzen diren erabakiak Jarraipen Batzordeak hartuko dituela, ahal bada adostasunez, baina bestela gehiengo kualifikatuz. Jarraipen Batzordea, Kontseiluaren arabera, Euskara Elkarteko ordezkariek, Udaleko ordezkariek eta gizarte eragileetako ordezkariek osatuko dute, betiere proportzio berean. Bide horretatik, orain arte proiektuari babesa eman dioten Azpeitiko gizarte eragileen artean daude ELA, LAB, EHNE, Euskadiko Kutxa, Danona Kooperatiba eta Alde Zaharreko Merkatariak.

Herria euskalduntzeko plangintza pilotoa laster hasiko da Azpeitian, gauzak ondo badoaz behintzat: Jarraipen Batzordea osatzen bada, kudeaketa egokia bada... Hala, horren inguruan laster batean urrats garrantzitsuak eman daitezkeela diote Baite Euskara Elkarteko kideek. Lehen urratsa egin da behintzat: herrian euskalgintzan diharduten alde ezberdinak elkarrekin batzea.

Izaera zabala

Honokoak dira Baite Euskara Elkartearen izaeraren ezaugarriak:

IREKIA: Euskaltzale guztiei irekia egongo da.

NORMALIZAZIOA: Bere azken helburua euskara normalizatzea da. Elkartearen jarduera horretarako beharrezko diren ekintzak antolatzea izango da.

AUTONOMOA: Beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du.

ELKARLANA: Udalarekin ez ezik, euskararen aldeko lan eta antolaketan beste elkarte edo erakundeekin ere elkarlana mantenduko du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak