Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Otsaila »  Pasaiko segada »  Gertatuak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pasaiko segada

1984ko martxoaren 22an Pasaian gertatuak

Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide erail zituen Espainiako Poliziak, segada batean (Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarrak eta Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak). Orduan, Poliziak Joseba Merino donostiarra —segadan bizirik geratu zen komandokide bakarra— eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituen.

Garai hartan Gobernadore zibila zen Julen Elgorriagaren hitzetan, iluntzean, Ipar Euskal Herritik itsasoz Pasaiara zihoazen komandokideak atzeman eta Poliziak atxilotu egin nahi zituen, baina komandokideek tiroz erantzun zutenez, Poliziak defenditzeko ez zuen beste erremediorik izan. Baina bertsio ofiziala zalantzan jarri duten iritziak izan dira; hala nola, lekuko izan ziren Pasaiako biztanleenak eta atxilotuenak. Hauen testigantza bat zetorren, komandokideak ez zutela aukerarik izan Poliziari tiro egiteko, eta poliziek gogor eraso zituztela, tiroka.

Joseba Merinok esan izan du —lagunekin zodiacean zihoan—, armak poltsetan sartuta zituztela eta handik ateratzeko aukerarik ez zutela izan. Halaber, esan du Pelitxo eta Kurro jaitsi zirela aurreneko ontzitik, bera Beltza zakurra jasotzera makurtu zela eta orduantxe hasi zirela Poliziaren tiroak, eta berak ontzitik uretara salto egin zuela, eta orduan harrapatu eta lehorreratu zutela. Gero, Poliziak harrapatuta zuela garbi ikusi zuenean, Txapas eta Kurrori, hauek eskuak buru atzean zituztela, hiru polizik metro bateko distantziatik tiro egin zieten, Merinok dioenez. Pelitxo eta Pelu uretan edo harkaitz artean hil zituzten. Rosa Jimeno —komandoaren kontaktua zen—, Pasaiakoa gertatu baino lau egun lehenagotik zegoen Polizia-ren esku, baina Poliziak ez zuen atxiloketaren berri eman. Jimenok «tortura gogorrak» jasan zituen eta, ondorioz, komandokideekin hitzordu bat egitera behartu zuten; lagunak atxilotu besterik ez zituztela egingo esanda. Jimenok Pasaian lotu zuen hitzordua, eta orduan gertatu zen segada.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak