Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Otsaila »  Pasaiko segada

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pasaiko segada : Udala akusazio partikular bezala agertuko da aferan

Auzia irekita dago Pasaian gertatua argitzeko asmotan

Nerea Uranga

Pasaian Poliziak erail zituen Kurro eta Pelitxoren senitartekoek auzia ireki dute, 1984an gertatua argitzeko asmoz. Senitartekoek urrian udaletxean mozio bat aurkeztu zuten. Udalak erabaki du akusazio partikular bezala aurkeztea, gertakizunak argitzekotan.

Udalbatza nagusian, Dionisio Aizpuru `Kurro´ eta Pedro Mari Isart `Pelitxo´-ren senideak, urtarrilaren 3an
Udalbatza nagusian, Dionisio Aizpuru `Kurro´ eta Pedro Mari Isart `Pelitxo´-ren senideak, urtarrilaren 3an.    (Iñaki Uranga)

Orain dela hamazazpi urte, 1984ko martxoaren 22an, Pasaiako badian Espainiako Poliziak erail egin zituen Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide azpeitiarrak —hauen beste bi lagun ere bai—, eta senitartekoek han gertatu zena argitu asmoz, auzia berriro ireki zuten. «Ekainean eskatu genuen berriro auzia argitzeko, 1985-ean kasua ez baitzen artxibatu». Garai hartan, Joseba Merino —Pasaiako sarraskian bizirik atera zen komandokide bakarra—, Henareseko espetxean deklarazioa hartu zitzaion, baina paperak galdu egin omen ziren «eta hori ez zen jaso». Kasua juridikoki artxibatu gabe zegoenez, jarraipena emateko aukera izan dute senitartekoek.

Auzia ireki berritan, berriro Joseba Merinoren Pasaiako gertakizunen inguruko deklarazioa jaso da eta senitartekoen abokatuak, horretaz gainera beste hiru eskaera egin ditu auzia argitu asmoz. Batetik, orduan sarraskian parte hartu zuten polizien ezagutze txanda eskatu du. Gero, garai hartan prentsan azaldu ziren dokumentazio guztia bildu eta proba bezala aurkeztu du, eta hauek ziurtatzeko, adierazpenak egin zituzten haiek deklaratzera deitu ditu. Eta bestetik, Pasaian lekuko izan zirenen testigantza eta adierazpenak jasotzeko eskatuta dauka senideek abokatuak, kasua argitze aldera.

Udalean mozioa

Urriaren 13an, senitartekoek mozio bat sartu zuten Azpeitiko udaletxean, bertan Pasaian gertatua argitzeko eskatuz, Udala akusazio partikular bezala agertzea eskatu zuten. Bi hilabete geroago aztertu zen gaia udalbatzan, urtarrilaren 3an. Bertan, EAJk, EHk eta EAk onartu egin zuten Udala akusazio partikular bezala agertzea. Udalak jarritako abokatua Miguel Castells izango da. Bestalde, Jose Mari Bastida alkateak esan zuen dekretuz erabaki zuela bi familiei 700.000 pezetako diru laguntza ematea. Sendiek eta EHk diru laguntzen atea «irekita» uzteko eskatu zioten alkateari, baina Bastidak esan zuen ez zuela onartzen eskaera hori.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak