|
|
|
Politika
: Urtarrilaren 13an ongietorria egin zitzaion Azpeitian
Joxean Astigarraga presoa fidantzapean kalean da
Nerea Uranga
Iaz, ekainaren 13an atxilotu zuen Polizia Nazionalak, etxean, ohean zela. Sei hilabete gartzelan egon eta miloi bateko fidantzapena kaleratu da. Egun, kalean bada ere epaiketa bat izango du.
|
|
Joxean Astigarraga, omenaldiko egunean.
(Nerea Uranga)
|
|
Donostian bizi da, baina izatez azpeitiarra da Joxean Astigarraga, 21 urteko gaztea. Iaz, ekainaren 13an atxilotu zuten, etxean eta ohean zela. Astigarraga berak esan digunez, «muntai polizial baten ondorioz atxilotu gintuzten Donostian, guztira zazpi lagun. Etxean nintzen, ohean lo, gaueko 00:30-01:00 inguru zen, eta Polizia Nazionala sartu zen nire logelara, armak eskutan zituztela».
Atxilotu ostean, komisaldegian egin zituen hiru egun; lehen eguna Donostian igaro zuen, eta hurrengo bi egunak Madrilgo komisaldegian. «Komisaldegian pasatako egunak zeharo txarrak izan ziren, izugarrizko presioa jasan behar izan nuen, astinduak eta torturak...». Epailearen aurrera eraman zutenean ere, Joxeanek dioenez, «kasu hauetan ohikoa izaten den moduan, ofiziozko abokatuarekin izan zen, ez neuk eskatutako abokatuarekin».
Pasa den abenduaren 22an atera zen kalera Joxean, miloi bateko fidantza ordaindu ondoren. Joxeanekin batera atxilotu zituzten zazpi lagunetatik lau oraindik espetxean daude: «Bi Iruńekoak dira, Bakaikukoa beste bat, eta bestea Elorriokoa». Sei hilabete pasa ditu Alcalako gartzelan. «Hasieran Hernani eta Oreretako batzuekin negoen kartzelan; gero haiek denak atera ziren eta bakarrik gelditu nintzen». Gartzela barruan, une latzak pasa dituela dio: «Kartzeleroekin oso gaizki pasatu dut, egunero presiopean; etengabe presionatzen gintuzten, eta pertsona eta preso bezala ditugun eskubide guztiak urratzen zizkiguten. Gazte izatea aprobetxatu nahi zuten, presoen kolektiboa zatikatu asmoz».
Harrera beroa
Urtarrilaren 13an, Azpeitian ongietorria egin zioten Joxean Astigarragari, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta haren Azpeitiko lagunek antolatuta. Plazako ekitaldiaren ondotik, afari bat egin zuten denek herriko jatetxe batean. Joxean pozik zen Azpeitian antolatu zioten harrera ikusita: «Harrera ezinhobea jaso dut, aurrekoan Antiguon bezala».
|