Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Otsaila »  Iritziak »  Urrestilla

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Kontzertu Ekonomikoa Urrestillarentzat!

Pako Aristi (Idazlea)

Azpeitia eta bere auzoei buruz idazteko eskatu didazue. Onartuko dut lana, baina ez eman diozuen definizioa. Azpeitia eta bere lurretan dauden «herriei» buruz hitz egin nahi dut nik. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Auzoak Azpeitiaren hiri barnean edota ondoan, hutsune bereizgarririk gabe daudenak izan litezke, hala nola Sanjuandegi, Landeta (bertakoek «errepublika» deitzen dioten arren), edota Loiola. Baina Oñatz eta Aratz-Erreka herriak dira, Nuarbe herria da, eta Urrestilla ere herria da, eta ez nolanahikoa.

Azpeitiko udalak utzikeria izugarria agertu du beti herri hauekiko. Har dezagun Urrestilla eredutzat. Asko dira Euskal Herrian Urrestilla baino biztanle gutxiagorekin udala duten herriak: Errezil, Beizama, Albiztur, Aizarnazabal, Elduain, Zerain... Eta aski da herri horietara bisita bat egitea, Urrestillari zer koska kentzen dioten ikusteko.

Udalik gabeko herria beheraka joatea oso erraza da. Umeentzat bertan eskola lortzeko lan handiak; autobusak eta behar bezalako garraioa jartzeko beti borrokan eta eskean ibili behar. Urrestillatik aspaldi kendu zuten medikua, horrek zekarren galera asko inporta gabe. Lokalik ez da egoten bilerak egiteko.

Zentralismoa

Zentralismo hutsa besterik ez da gelditzen udalik gabeko herrientzat. Urrestillan frontoi galanta egin zuten, baina izena eta txanda emateko Azpeitiko inspeziora joan behar. Horrela, urrestillar batek, etxetik hamar metrora daukan frontoian jokatzeko, kotxea hartu behar du, Azpeitira joan, izena eman, Urrestillara itzuli eta txanda itxoin.

Nuarbetarrei ere Azpeititik ezarri zitzaien pantanoa bidegabekeria hutsa izan zen. Bertakoek ez zuten nahi, eta garbi ikusi da zergatik: herriari zaztartu ederra eman zion Zarauzko turisten erosotasunarentzat egindako urtegiak. Nuarbetarrei erabakitzeko eskubidea eman balitzaie, inoiz ez zen horrelakorik egingo haien herrian.

Aspaldi urrestillar askoren baitan dabilen galdera hau da: zenbat diru ematen dio Urrestillako herriak Azpeitiari, eta zenbat jasotzen du bueltan? Zenbat milioi eman ote ditugun azken urteotan, eta zein gutxi ikusi dugun bueltan! Zeren eta beste gauzekiko utzikeria zorroztasuna bihurtzen da kontribuzioa, zergak eta beste kobratzeko orduan. Horretan fiña da Azpeitiko udaletxea.

Diru kontuak argitu

Udalik gabeko herriak hilda daude gehienak, zaila da jendea mugiaraztea, biltzea, eskaerak egiteko indarra edukitzea. Eta hori aprobetxatu egiten du Azpeitiko udalak nahi duen guztia egiteko herri horiekin. Urrestilla ere motel dago aspaldian. Baina gero eta beharrezkoagoa ikusten dut gure diru kontuak Azpeitiarekin argitzea. Independentzia lortzeko indarrik ez dugu izango, baina Kontzertu Ekonomiko bat negoziatu nahi dugu Azpeitiarekin. Guk ematen dugun dirua bueltan ikusi dezagula, herriaren onerako. Eta herri txiki guztiek izan dezatela, beraiei dagokien gaietan, informazioa jasotzeko eta erabakitzeko eskubidea. Benetako demokrazia batek hori eskatzen du Azpeitiko udalaren aldetik. Beste guztia autoritarismoa, zabarkeria, utzikeria eta lotsagabekeria izango da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak