Iritzia
: Akuilua
Mozorroak
Fernando Morillo (Idazlea)
Azpeitiko argazki zaharrak aztertzeak sentimendu xelebreak sorrarazten ditu. Zenbat aldatu den herria 10-15 urtetan...! Orduko etxarteetan, zelaiak azal zitezkeen. Eta zenbaitetan, abandonaturiko eraikin zaharrak aurki genitzakeen han edo hemen. Gaur, etxarteetan, etxe berri gehiago baino ez dago.
Orduan ume ginenok, inguruko etxe zahar haiek esploratzen eta okupatzen ibiltzen ginen askotan. Errota alboko etxea, bere aurrekoa —dentistarena, Villa Pepita-edo zena—... Hura zirrarak beste noizbaiteko txanponak, erlojuak, edo auskalo zer topatzen genuenean! Orain ez dago horrelakorik; dena berrituta dago. Baina hala behar du.
Bai, herria aldatuz joan da apurka. Nolanahi ere, inauterietako mozorroaz estalita balego bezala har genezake. Mozorroa izanik ere, barrukoak ez al du bera izaten jarraitzen?
Jantzi ederra aukeratu inauterietarako, eta ondo pasa!
|