|
|
|
Iritzia
: Azketako ura
Jose ‘Santillana’
Kepa Susperregi
Aurten, urtearen hasieran, zehazki, urtarrilaren 2an agurtu genuen gure herriko Parrokian, Jose Garcia Deogracias. Urte berri honi hasiera ematen ari ginela hil omen zen Jose, azken hilabetetan jasan izan zuen gaixotasunaren ondorioz.
- urteko gizasemea genuen, Badajozeko lurretan, Quintana de la Serena herrian jaioa. Gizon apala zen, eta urte asko zeramatzan dagoeneko gure artean, Azpeitian bizitzen. Lana eginez bizitza aurrera atera zuen gizona, eta futbola izan zuen berak afizio.
Futbolaren inguruan ezagutu izan dugu hainbeste urtetan, Zubiolako eta Goenako futbol zelaietan, «Santillana» eta «Villa de Azpeitia» izeneko futbol txapelketak antolatzen parte hartuz. Beti ere bota handiak jantzita, futbol zelaiko marrak eta arrastoak pintatu, eta marraz kanpora jaurtitako hainbat eta hainbat baloi jasotzen, ikusi izan dugu larunbata arratsaldetan eta igande goizetan, udazkenean eta udaberrian.
Aukera eskaini izan digu, berak egin izan duen lan guzti horri esker, azken urteetan, herriko eta bailarako hainbat eta hainbat gazteei, gure futbol zaletasunaz gozatzeko, baita ere, jende berria ezagutu, makina bat lagun berri egin, gure koadriletako harremanak sendotzeko, eta baita ere, nola ez, Azpeitiko herriko bizitzan txertatzeko ere.
Hori izan da, Jose Garcia Deogracias zenak, Jose Santillanak, gure herriko bizitzari, apaltasun eta iraupen osoz, eginiko eskaintza. Hori da, baita ere, guregan utzi izan duen esker-oneko oroimena, inondik ere.
Agur, beraz, Jose, egun handira arte...
|