Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 4,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Otsaila »  Gutunak »  Eolikoak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gutunak

Mendien industrializazioa stop

Azpeitiko eta Azkoitiko Zentral Eolikoen Aurkako Taldea

Azpiegitura erraldoi guziekin gertatzen den arazo berarekin egin dugu topo zentral eolikoen auzian: boteretik ezartzen den ixiltasunarekin. Ez da gaia kalean eztabaidatzen, ez da benetako gizarte debate bat sortzen. Berdina ari da gertatzen Abiadura Handiko Trenarekin, Bizkaian egin nahi diren zentral termikoekin... Kaleko jendeak ez dauka iritzi sendo eta argirik. Kalean informazioa zabaltzen ari garenak betiko talde eta elkarteak gara, betiko anti-todoak.

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoaren arabera 2005. urterako, kontsumitzen dugun argindarraren %3 haizeindarraren bidez lortu nahi da, horretarako 800 metro alturatik gorako 13 leku aukeratu dira: Irukurutzeta-Karakate, Gazume, Zamiņo-Izaspi, Elgea-Urkilla, Ordunte, Ganekogorta, Oiz, Mandoegi, Kolometa, Arkamo, Badaia, Iturrietako mendiak eta Alda-Arlaba.

Momentuz Elgeako zentrala dago martxan, baina %3 hori lortzeko beste hiru edo lau ere egin beharko dituzte, 30 kilometro mendi mutur industrializatuz. Beti ere Eusko Jaurlaritzakoek emandako informazioaren arabera, guk ez baitugu uste 4-5 zentralekin hainbeste argindar lor daitekeenik.

Haize bidez lortuko den argindarra ez da gai izango energia nuklearra eta termikoa ordezkatzeko.

EAEn urtero argindarra %4 gehiago kontsumitzen dugu, orduan nork esaten digu epe batera ez dituztela aukeratutako leku guziak zentralak egiteko.

Ingurugiroa errespetatuz bizitzeko aukera bakarra egungo gizarte eredu kontsumista eta kapitalistari frenoa jartzea dela deritzogu.

Zentral eolikoen proiektuaren atzean daudenek energi iturri eolikoa monopolizatu nahi dute. Eredu honek, energia eolikoaren autogestiorako inolako aukerarik ez du uzten ez eta kontsumoaren jeitsierarik planteatzen.

Zentral eolikoen planen eragina, mendi eta nekazal lurrek ezezik, animaliek, landaretzak, zuhaiztiek eta orohar ekosistemek jasango dute.

Arazo energetikoaren aurrean hau da gure jarrera: energia hauen deszentralizazioa eta energi kontsumoaren jaitsiera, industrian, garraioetan eta etxeetan; antolakuntza ekonomikoa, soziala eta politikoa zuzentzen duten baloreen aldaketa sakon batek lagunduta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak