Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urtarrila »  Hiromi Yoshida

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Hiromi Yoshida

“Azpeitian kaleetan erdara entzutea oso arraroa da”

Nerea Uranga

Gaur egun Tokion bizi bada ere, Japon iparraldeko probintziako herri batekoa da Hiromi. Hizkuntzalaria da, eta unibertsitatean master eta doktoretza azterlanak azpeitiar hizkerako aditz eta aditz laguntzaileeii buruz egin ditu.

 

Noiz hasi zinen hona etortzen eta nolatan?

1995ean hasi nintzen Azpeitira etortzen. Ordudanik, urtero etorri izan naiz; iaz, ordea, denborarik ez, eta ez nintzen etorri. Azpeitia aurretik ezagutzen nuen. Orain dela hamar urte, Lazkaon izan nintzen euskara ikasten, bertan Getxoko neska bat ezagutu nuen, Errezilen bizi zena Azpeitiko mutil batekin. Asteburuetan Errezilera etorri ohi nintzen neska honekin, eta buelta bat ematera-eta azpeitira etortzen ginen.

Geroago, azpeitiko euskara aztertzen hasi zinen?

1994an Tokion azpeitiko mutil bat ezagutu nuen. Garai hartan, ni linguistikako masterreko kurtsoan nengoen, kurtsoa bukatzeko lan bat egin behar eta euskarari buruz zerbait egiteko asmoa nuen. Baina ez nuen euskara batuari buruz egiterik nahi, dialekto bat aukeratu nahi nuen. Onena, Euskal Herrira etortzea nuen denboraldi bat pasatzera. Ordea, ez neukan denborarik eta dirurik. Orduan, mutil azpeitiar horrekin Azpeitiko euskarari buruz lan egitea erabaki nuen. Zortea izan nuen. Gai bezala, azpeitiko euskaran aditz trinkoa hartu nuen; lan horrekin bukatu nuen masterra, 95ko martxoan, han martxoan bukatzen baita ikasturtea, eta apirilean hasten hurrengoa.

Gero, doktoretzako lana egiteko ere, azpeitiko euskarako aditza aukeratu zenuen.

Bai, bi asteko oporrak eta gero, hasi nintzen doktoretzarekin. Beka bat lortu nuen, eta orduan etorri nintzen Azpeitira, bost aste pasatzera-edo. Doktoradutza azpeitiko euskararen aditz laguntzailearen sistemari buruz egin dut, tesia entregatu dut, baina oraindik ez daukat emaitzarik.

Eta zergatik ez euskara batua?

Benetan hitz egiten den hizkuntza aztertu nahi nuelako.

Nondik nora aukeratu zenuen euskara?

Linguistika munduan ibiltzen direnentzako euskara oso ezaguna da. Nik zerbait diferentea nahi nuen, japonesarekin edo-ta hizkuntza indoeuropearrekin antzik ez daukan hizkuntza bat. Horrelako hizkuntza asko dira Afrikan eta Asian. Egia esateko berdin zitzaidan ze hizkuntza aukeratu. Baina, kasualitatez unibertsitatean irakasle batek euskara irakasteko klasea antolatu zuen. Euskal Herrian zazpi hilabete pasa berri zituen eta Japonera bueltan, euskarazko klaseak eman nahi zituen.

Jende gehiago apuntatu al zen?

Bost lagunek eman genuen izena, eta oso giro ona izaten zen. Hortik aparte , irakaslea klaseak ematen oso trebea zen, klasea bera oso interesgarria zen. Lagun onak, giro ona, klase ona... Dena neukan, eta jarraitu egin nuen. Gramatika oso ondo ikasi genuen, eta nik hitz egiten ikasi nahi nuen, Horretarako barnetegi batean sartzea komeni zitzaidan. Orduan ere, beste kasualitate bat pasatu zen. Nire irakaslearengana bisitan neska euskaldun bat joan zen, euskaldunberria eta Hondarribiako barnetegian ikasia. Hark barnetegiaren berri eman zidan, eta bertako zuzendariarekin kontaktuan jarri, eta honek esan zidan Lazkaoko barnetegira joatea hobe nuela. Hala Lazkaon hartu ninduten.

Ze berezitasun aurkitu diozu Azpeitiko euskarari?

Batuarekin konparatuta, diferentziarik dagoen galdetuz gero, bai eta ez esango nuke. Hemen, esaten da, debe, nitxik. Morfologikoki badago desberdintasunik, noski. Batuak duen txukuntasuna azpeitiko euskarak ere badauka. Hori esaten dut, Hondarribia eta Oiartzungo euskara ere badakizkidalako. Aditz laguntzaileari dagokionez ari naiz, beti ere. Aipatutako bi herrietako euskarak oso nahastuta daude, azpeitikoak bezainbesteko txukuntasunik ez daukate. Nere lana, hizkuntza bat edo dialekto bat dagoen bezala deskribatzea da.

Euskara ikasi eta aztertzeak pena merezi duela uste duzu?

Bai merezi du. Hizkuntza denak dira interesgarriak eta denek merezi dutela uste dut.

Eta euskarari dagokionez, ze giro aurkitu duzu Azpeitian?

Giroa, oso inportantea da. Bizkaia ez dut oso ondo ezagutzen, eta Gipuzkoan bertan, giroa euskararen aldetik asko aldatzen da. Ni, Lazkaokoa bukatu nuenez gero, Azpeitian, Errenterian, Hondarribian ibili ohi naiz, lagunak, oso lagunak ditudalako bertan. Goierrira gutxiagotan joan ohi naiz. Hondarribia eta Errenteriako giroa eta Azpeiti-Azkoitiakoa bi extremo dira. Azpeitian kaleetan erdara entzutea arraroa da, gaztelaniaz ez dakit ondo, eta gehiago fijatzen naiz. Hemen giroa oso-oso euskalduna da. Hondarribia eta Errenterian, iruditzen zait euskara umeentzako gauza bezala gelditzen dela. Adibidez, Hondarribian ume gehienek euskaraz badakite. Nire lagun batek zera dio: tonto jartzeko edadea heltzen zaienean, 15-16 urte, segituan pasatzen direla erdarara, gauza polita balitz bezala.

Bizimodua berriz, zure herrikoarekin, Japonekoarekin alderatuta, desberdina izango da, ezta?

Guk Europako bizimodua asko ezagutzen dugu. Eta eguneroko bizimodua nahiko Europa edo Estatu Batuetakoaren antzekoa egiten dugu. Esaterako, zuek sardeska eta labanarekin jaten ikusi eta ez naiz harrituko. Baina hala ere, bazeuden niretzako nobedadeak, nahikoa gainera. Adibidez, poteatzeko ohitura, kalean ibiltzeko modua oso diferentea da, tabernatik-tabernara ibiltzen zarete. Baina guk taberna batean, ordubete, bi ordu egiten ditugu, jatekoarekin. Gainera, asteburuetan baino gehiago aste egunetan egiten dugu. Niretzako hemengo gauza ona zera da, soziedadeak, oso sistema ona iruditzen zait, lagunekin elkartzeko-eta.

Abenduaren 9an berriro bueltatuko zara Japoniara [elkarrizketa hau aurretik eginda dago].

Bai, oso denbora gutxirako etorri naiz oraingoan. Eta bi urte etorri gabe nengoen. Hau niretzat zera da, drogazaleak drogarik gabe egotea bezala. Urtean behin hemengoa naiz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak