Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urtarrila »  Iritziak »  Ikasketan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Denon artean, ikasketetan ikasten

Izar Arregi (Ikasberri Ikastolako Psikologoa)

Hasi dira urduritasunak!!!. Talde lanak amaitzen, azken orduko apunte bilketak, ezin ulertuak... tripako minak. Egoera larri honetan, ikaslea estresatuta dagoenean, norbaitengandik amorrazioz entzun beharko du: «lehenago ikasten hasi izan bazina ez zinen horrela ibiliko». Baina... zergatik ikasle asko ez dira hasten aurrez ikasten? Alperra izateagatik ote? Hau horrela bada, zergatik ez da alperra bere gustoko ekintzetan?

Nire ustetan badira beste bi arrazoi, egoera honetara bultzatzen dutenak ikaslea: Batetik ikasteko ohitura falta, eta bestetik ( lehenengoarekin erlazionatuta) motibazio eza.

Gurasoa irakaslearengana joaten denean, askotan «zure semeak gehiago lezake» entzun eta etxera joaten da seme/alabari errieta egitera, alperkeriagatik ez duela ikasiz pentsatuz. Baina... denok dezakegu gehiago. Hau esatean ez dugu arazoa zehazten, eta gutxiago konpontzen. Niri ikasle bat etortzen zaidanean, ez dut zalantzan jartzen bere ahalmena, pentsatu behar dudana da nola jarri martxan daukan gaitasun hori.

Ikaslea batipat bixia eta mugitua bada, ez daki eserita egoten, eta eguna momentuan bizi duenez, ez daki organizatzen. Ikasleari esan (edo agindu) egiten diogu «hau ikasi», «hau egin»,... baina ez diogu azaltzen nola. Guk erakutsi behar diogu: Nola erabili agenda, nola kontzentratu, nola ikasi ordu erdi batez jarraian. Helduok pentsatzen dugu, gizakia arrazionala denez, ezer landu gabe gai garela hausnarketa bat egiteko, buruz ikasteko eta abar. Baina, ikas-teknikak ez dira jaiotzez emanak; beraz, gure bete beharra da hauek erakustea. Ikas-teknikak barneratuz gero ikasketetan aurrera joateko oinarria osaturik dago.

Ikas-teknikak jorratzean motibazioa lantzen dugu. Ondorioz, une honetatik aurrera ikasleak nahi duenean badaki nola ikasi, bere kontrolpean dago ikasketen emaitza. Motibazioa da, ikasketen errendimenduan eragin gehien duen aldagaia. Ikasteko gogoa, norbere buruarekiko konfidantza, talde lanerako gustua, lan bat ondo egitearen asebetetzea...

Guk helduok, gazteei gure egunerokoa, egiten dizkiegun galdera eta komentarioetan, inkonszienteki transmititzen dizkiegun elementuak dira. Galde diezaiogun ikasleari zelan dabilen ikastolan, begiratu ditzagun bere lanak, sentiarazi dezagun bera gai dela nola egin behar duen erakutsiaz... entzun dezagun.

Denok daukagu asko ikasteko. Gauza bat da klasea ematea, bestea da persuadituaz klasea ematea. Gauza bat da, seme/alaba hezitzea, bestea da garatuz hezitzea. Bakoitzak egiten dugu ahal dugun ondoen, baina ni ziur nago guk ere «gehiago dezakegula» eta guri ere nola jakitea falta zaigu. Proba dezagun lehenengo ikasleari entzuten, gure intentzio oneko sermoi monotonoa bota aurretik. Irakasle eta orokorrean irakaskuntzako profesionalok jarraitu behar dugu formakuntza jasotzen, ikaslearengana gero eta gehiago hurbildu ahal izateko.

Ikasle batek ikasketetan emaitza txarrak baditu, edo orain azken orduko urduritasunekin baldin badabil, baliteke apur bat alperkeriagatik izatea. Baliteke, ordea, guk ere zer esan pixkat edo puxkat izatea, gure esku baitago parte handi batean ikasleari ikas ohitura egokiak erakustea eta motibatzea.

Guzti hau lortzea lan gogorra da, baina merezi du. Etorkizuna ikasleengan dago; berriz, hauek bide egokitik bultzatzea hezitzaileon esku.

Etorkizunarengatik, Euskal Herriarengatik, Azpeitiko eta ikaslea beragatik pena merezi du, eta Ikastolan helburu hauekin gabiltza.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak