Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urtarrila »  Etxebizitzak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Etxebizitzak : Alde Zaharra biziberritzeko pauso berriak ematen ari dira

Zaharra, bizi eta berri

Nerea Uranga

Udalak arkitektu enpresa bati Alde Zaharra biziberritzeko proiektua eskatu dio. Alde Zaharra oinezkotzeko lehen pausuak eman dira, arratsaldez autoentzat hiru kale itxiaz. Kale Gorrian eta Alde Zaharreko merkatariak ere kezkatzen ditu, Alde Zaharrak.

  (Iñaki Uranga)

Azken urteetan hainbat azterketa egin da Alde Zaharreko merkataritza, etxebizitzak, trafikoa eta oinezkotzearen inguruan. Iaz, udalak arkitektu enpresa bati Alde Zaharra biziberritzeko proiektu bat egitea eskatu zion, hamar milioi kostatuko eta ekainerako amaituta izango da. Orduan, eraskusketa publikoan izango da. Aurreko azterketek, despopulazioa eta trafikoa azpimarratu izan dituzte.

Proiektua, udaleko arkitektuaren hitzetan helburu batekin eskatu da: «Urbanizazio proiektua da, batez ere, gune publikoei eragingo dio: batetik, bertako azpiegiturak berritu asmo dira. Orain arte zatika konpondu izan dira. Bestetik, lur zorua eta kaleak konpondu eta hobetuko dira». Arkitektuaren hitzetan, guztia «pausoz pauso» egingo da, eta lur zoruan harria jarri behar bada, «hau ere bere garaian egin beharko da». Alde Zaharra orokorrean hartuko da, eta «fase desberdinetan» eramango da aurrera.

Arkitektuak dioenez, Alde Zaharraren arazoa «leku fisikoa» bera da, «jartzen duzuna, jarrita behin ere ez da nahikoa».

Jose Maria Bastida alkatea eta udaleko Hirigintza Batzordeburuaren aburuz, proiektua, «Alde Zaharra nola urbanizatu behar den inguruan eskatu da, betiere merkataritza kontuan edukiz. Garbi dago oinezkoentzat egokitu behar dela, Alde Zaharra herritar guztiena baita, edozeinena».

Etxebizitza berriak

Udala Azpeitia Lantzen-en bitartez Alde Zaharreko etxebizitza zaharrak bota eta berriak egitekotan da, gero babes ofizialeko edo antzeko promozioz saltzeko. Udal arkitektuaren hitzetan, «bada proiektu bat Enparan kalean 16 apartamentu egiteko. Lur eta etxejabeekin harremanetan hasiak gara. Baina, beti ere, prezio batzuetara mugatu beharrean gaude. Orain arte, Alde Zaharrean egin eta egiten ari diren etxe berriak, promotore pribatuenak dira. Udalaren arazoa, promotore pribatuekin lehiatu beharra da».

Udaleko arduradunak, etxejabeekin hizketan hasi dira. «Jende batekin negoziatzen ari gara, erosi eta berriak egiteko, ezin baldin bada erosi, derrigortu egin beharko ditugu berriak egitera».

Etxebizitzen kanpoaldea konpontzeko udaletik diru laguntzak emateko asmoa ere badago, oraindik udalbatzan onartu gabe badago ere, «aurtengo ordenantzatan sartuko da, etxe batzuk konpontzeko aukera baitago».

Proiektua egin bitartean, zenbait moldaketa egin ditu udalak Alde Zaharrean, arratsaldez autoentzako hiru kale itxi eta gune urdinak finkatu dira.

Orain dela urte batzuk, argiztaketa jarri zen kaleetan. Udaleko arkitektuaren esanetan, «argiztaketa hobetu eta zakarrontziak jarri ziren. Orain argiztaketa hariak lurrazpian sartuko dira. Beti egiten da zerbait, udaleko langileak, egunero ari dira lanean. Aparkalekuak berrantolatu, Zelai Luze berritu eta orain ziur aski Enparaneko zubian hasiko da lanean, berau argiztatuz».

Gune urdina Enparantza Nagusian bakarrik bazegoen ere, laster batean Perez Arregi eta azoka plaza atzean jarriko da. «Plazan ondo funtzionatzen zuen, eta betiere aparkalekuak dinamikoagoak dira. Aparkalekuen eskaerari erantzunez jarri da».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak