|
|
|
Etxebizitzak
«Etxe huts gehienak Alde Zaharrean daude»
|
|
Alde Zaharra.
(Ińaki Uranga)
|
|
Kale Gorrian Etxebizitza Duinaren Aldeko Gazte Kolektiboak Alde Zaharraren biziberritzearen inguruan puntu hauek azpimarratzen ditu: «Batetik etxe hutsen inguruko informazioa bildu behar da, etxebizitza hutsen egoera aztertuz eta jabeekin harremanetan jarriaz. Bestalde, azpiegiturak eta zerbitzuak gehitu behar dira,
jendea bertara bizitzera etortzera erakarriz. Etxebizitzak berritu behar dira, batzuk oso egoera txarrean daudelako. Eta azkenik, trafikoari dagokionez, Alde Zaharrak jasaten duen trafikoa aztertu behar da, trafikoaren ordenazioa berregin eta aparkalekuak gehituz».
Kale Gorrian taldekoak Alde Zaharra Merkatarien Elkartearekin eta bizilagunekin harremanetan hasiak dira. Egoera eta iritziak jasoz.
Iazko maiatzean 3P deituriko asmoa kaleratu zuen Kale Gorrianek, herriko etxebizitzen inguruan. Bertan, etxebizitzaren eta eskariaren inguruko azterketa sakona egitea eta etxebizitzaren arazoari jarraipena egin eta irtenbideak bilatzeko gune bat sortzea eskatu zuten, «herriko azterketa orokor bat egin genuen, ondorio bezala hiru puntu atera genituen, hauek udalera eraman genituen, baina ez dugu erantzunik jaso. Gure asmoa udalean dauden hiru alderdiekin hitz egin eta denekin bat udalbatzan aztertzea da». Kale Gorrianek, etxebizitza sozialak egitearen alde dihardu lanean. «Ez da kontua etxeak egitea, hutsak dauden bitartean. Alde Zaharrean bertan, etxe hutsak dira gehienak. Gehiago egin beharrean babes ofizialeko etxe bezala eskain daitezke». Kale Gorrianekoek babes ofizialeko etxerik «ez dela» egiten salatu dute, «entzuten da egingo dela, baina ez da ezer ikusten». Iaz, etxebizitzaren inguruan antolatu hitzaldietan aipatu zenez, etxe zaharrak berritzeko «mila» era daudela aldarrikatzen dute Kale Gorrianeko kolektibokoek, «Esaterako, etxe jabeek eurek ahalmena izatea etxea berritu ahal izateko, dirulaguntzak-eta emanez. Ez dago zertan beti promotore pribatua sartu, etxebizitza berritu behar den bakoitzean».
|