|
|
|
Udala
: Kaleetan ibili ondoren, San Martin egoitza bisitatuko dute
Hiru Erregeak Azpeitian
Udala
Urtarrilaren 5ean Hiru Erregeak Azpeitiko Kaleetan ibiliko dira. Igerilekutik arratsaldeko 19:00ak aldera irten, eta Enparantza Nagusian 20:00etan izango ditugu. Ibilbidearen azken gunea San Martin Zaharren egoitza izango da.
Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, duela hilabete batzuk, bidaia luze bati eman zioten hasiera Ekialde Urrunean. Bidaia neketsu horretan, izar iheskor eder bat izan dute beti lagun, eta haren arrastoa jarraituz aurkituko dute Azpeitiarainoko bidea. Dagoeneko baieztatu dute euren presentzia Azpeitiako Udalean; beraz, zalantzarik gabe, hemen izango ditugu urtarrilaren 5ean. Hala ere, hiru erregeen laguntzaileak, pajeak, zertxobait lehenago etorriko dira Azpeitira, urtarrilaren 4an arratsaldeko 17:30etan izango baititugu Enparantza Nagusian.
Adierazi digutenez, ohi bezala, Igerilekutik arratsaldeko 19:00ak aldera abiatuko dira Azpeitiko kaleetan barrena, euren laguntzaileen eta herriko ikastetxeetako neska-mutilen laguntza izango dute horretarako. Azpeitiko neska mutilen lana izango da ibilbidea argitzea, horretarako bakoitzak suziri bat eramango duelarik.
Esan bezala, Sanjuandegitik irten eta ondoren Errebalera abiatuko dira, Goiko Kaletik jarraituz, Enparan Kalea, Erdi Kalea eta Santiago Kalea zeharkatuko dituzte, Enparantza Nagusira heldu arte. Zortzirak aldera izango ditugu Meltxor, Gaspar eta Baltasar Enparantza Nagusian, bertara gerturatu diren haurrak agurtzeko. Baina hor ez da bukatuko Ekialde Urruneko erregeen kalejira. Izan ere, ibilibidearen azken gunea, San Martin Zaharren Egoitza izango da, hango lagunei ere opariak eta ilusioa banatzeko asmoa baidute.
Argi guztiak itzaltzen direnean etxez-etxe joango omen dira Erregeak, Azpeiti osoko etxe guztietara heldu arte. Ohar batez adierazi digute, ondo portatu diren azpeitiar guztiek, eskatutakoa izango dutela eskura, eta gainontzekoek berriz, ... badakizue zer uzten duten ordez!
|