|
|
|
Kirola
: Datorren urtean 1. mailakoekin jokatuko du lau t’erdian
Iban Otaegi ‘Beixama’, txapela eta gero, etorkizunari begira
Iban Arregi
Profesionalen bigarren mailako lau t’erdiko txapelduna dugu pilotari azpeitirra. Pilotaren orainaz hitz egin digu: piloten polemikaz, telebistaz, enpresez... Lehenengo mailara igotzea zaila dela badakien arren, itxaropenik ez duela galtzen dio.
|
|
Iban Otaegi, eskuinean, beste finalistarekin, Galartzarekin..
(Iñaki Uranga)
|
|
Duela urtebete inguru, profesionaletan debuta egin zuenean, inork gutxik ematen zuen zerbait beragatik. Baina berak bazuen itxaropenik, bazuen gogorik, indarrik. Eta lau t’erdikoa zuen buruan. Txapelketa ona egin zezakeela ba omen zekien, «nahiz eta txapelketa ona egitea zer den esatea oso erlatiboa den».
Otaegik, ona bakarrik ez, partidu guztiak irabazi baitzituen, abenduaren 8ko finala barne. Ordea, orain aurrera begiratu behar duela badaki. «Ondo ospatu genuen, ongietorria eta dena egin zidaten, baina orain binakako txapelketari begira jarri behar dugu».
Txapela etxekoei, gertukoei, eskaini zien. Aipatu digunez, hala ere, txapel horretarako bidean lagundu dion beste izen bat ezin ahaztu: Ilunpe Pilota Elkartea: «Lan asko egiten dute, Azpeitin pelota zaletasuna bultzatu dute, eta gaur egun gaztetxo ugari dabiltza pelotan».
Azpeitin azken urteotan aurrera atera den eskuzko pelotari bakarra da Beixama. Herri arteko txapelketetan-eta bai, haietan ondo ibiliak dira azpeitiarrak, finalera ere behin baino gehiagotan iritxiak; baina gero, aurrera egiteko nahiko komeria. Otaegi berak esan digunez, «izugarrizko aldea dago jubeniletatik afizionatuetara, eta are gehiago afizionatuetatik profesionaletara. Herri arteko txapelketetan-eta ondo ibiltzeak ez du esan nahi aurrera iritxiko zarenik».
Bere pelotari ezaugarriez galdetzean, sakatzaile ona dela esan digu. Puntu ahulak ere izango dituela galdetzean, irrifarre egin digu. Beragatik askotan esan izan da txikia dela, indar gutxitxo izan dezakeela... Berak dio igoal hori izan daitekeela bere puntu ahulena, «baina hemen garrantzitsua pelotan ondo egitea da». Eta berak ondo egiten du, bai alajaina.
|