|
|
|
Euskara
: Euskaltegiak lanean jarraituko du
Mikelats eraso berri baten aurrean
Nerea Uranga
Garzonen autoak eragina du AEK-ko barne eta kanpo funtzionamenduan. AEK Mikelats Euskaltegiak mozioak aurkeztu ditu udaletan eta atxikimenduak jasotzen dihardu. Mikelats Azpeitira ez ezik, Zestoa eta Azkoitira zabalduta dago.
|
|
AEK Mikelats Euskaltegia.
|
|
|
|
Garzon epailearen azken autoak AEK-ri egindako salaketak eragina izan du AEKn, eta nola ez, herriko AEK Mikelats Euskaltegian ere. Bertako arduradunen hitzetan, «AEK momentu batean likidaziorik gabe izatea eragingo du. Gainera, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak atzeratu egin dira. Bestalde, eta diru irurriei dagokienez, txosnak, Korrika eta abarrak legez kanpo geldituko lirateke. Barne funtzionamenduan ere asko eragin du, eta kanpora begira zer esanik ez. Mikelats Euskaltegian ez dugu hainbeste nabarmendu, baina beste zenbait Euskaltegitan bai ordea, ikasleak mesfidati agertu izan dira zenbait kasutan. Gure kasuan, ikasleak agertu duten jarrera ona izan da. Jendea harritu egin da, eta askok ikusi dute euskararen kontrako salaketa izan dela».
AEKri jarritako salaketa dela eta, euskaltegiek mozioak aurkeztu dituzte herri desberdinetako udaletan. Mikelats Euskaltegiak aurkeztutako mozioak Zestoako udal-batzordearen babesa jaso du, Azkoitian ere babesa ematekotan dira, eta Azpeitian oraindik ez da pasatu udalbatzatik. Atxekimenduak ere jasotzen ari dira AEK-koak, herriko pertsona ezagunen atxikimenduak eta herritarrenak batuaz.
Aurrera begira, lanean jarraitzeko asmotan dira Mikelats Euskaltegikoak, eta euskara klaseak ematen eta aurten ospatuko den Korrika 12ko prestaketa lanetan hastekotan dira, gainera.
Bost urte herrian
AEK Mikelats Euskaltegia 1995 otsailean jarri zen martxan herrian, eta gaur egun Azpeitia, Azkoitia eta Zestoan ere baditu ikasle taldeak. Aurten hamar pertsona inguruko sei talde ari dira, urrats desberdinetako, alfabetatze, EGA eta perfil desberdinetako euskara ikasketak burutzen. «Azpeitian dago zentralizatuta euskaltegia, eta taldeak beste bi herrietara zabalduta dauzka. Lau irakasle eta bulegaria ari gara aurten lanean. Bulegariak Urola-Kosta eskualdeko lana egiten du. Urrian hasi eta ekaina bukaerarte izan ohi da ikasturtea, 200 orduko moduloak dira».
Mikelats Euskaltegiak, arduradunen esanetan, «Azpeitiko Udalaren laguntzarik ez du jaso aurten, Azpeitian ez dago inolako laguntzarik AEK-ko euskaltegian euskara ikasteko. Esaterako Zestoan, kontratu ikastaroa dute, udalak ordaintzen ditu ikastaroak, udalak eta AEK-k urtero kontratu ikastaroa sinatu ohi dugu. Azkoitian berriz, beka sistema dago, ikasleek euskara klaseetara joateagatik diru laguntza jasotzen dute udaletik».
Korrika herrian
Aurten izango da 12. Korrika, Gasteizen hasi eta Baionan bukatuko dena. Bidean, Azpeititik ere pasatuko da, hain zuzen apirilaren 2an pasatuko baita, 15:21etan. Korrika 12 prestaketa lanak egiteko eta herriko Korrika batzordea osatzeko lehen batzarra ere deitu dute: urtarrilaren 17an egingo da AEK mikelats Euskaltegian, 19:30etan.
|