Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abendua »  Komunikabideak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Komunikabideak : Karmelo Etxegarai Ikastolako Txalaparta irratiak bost urte bete ditu hil honetan

107.6 FM uhinetan

Nerea Uranga

Xabierko Frantzizko egunean, abenduaren 3an, bost urte beteko ditu Txalaparta irratiak. Karmelo Etxegarai Ikastolako ikasle guztiek hartzen dute parte, irratsaio bat eginez. Azaroan hasi eta ekaina bitartean izaten da irratia martxan.

Ikasleak izaten dira hizlari Txalaparta irratian
Ikasleak izaten dira hizlari Txalaparta irratian.    (Nerea Uranga)

Taldea, heldu da irratira, taldea 6A gelako Isis, Haritz, Ane, Iraitz, Driss eta Landerrek osatzen dute. Goizeko hamarrak pasatxo dira eta urduri datoz irratira, gaur eurak izango baitira irrati esatari, irratira, mikro artera sartu ahala, lekuak hartu eta irrati arduradunetako baten, Idoia Agirre irakasleak hainbat ohar eman dizkie: «Eskuak geldi, eta gertu hitz egin, ez baita bestela entzuten». Ikasleetako batzuek aurreneko aldia dute irratsaioa egiten dutela; esperientzia berri bat, beraz.

Denak, prest. Irrati esatari gazteak alde batean eta kontrolean berriz, Idoia Agirre eta Xebas Bereziartua irakaslea. Txalaparta irratiaren sintonia entzun eta Landerrek hartu du hitza: «Egun on, Txalaparta irratiko entzuleak. Gaurko saioan albisteak, txisteak, errezetak, asmakizunak, istorio arraro bat, ahokorapiloak eta zorionen txokoa izango ditugu...»

Gela guztietakoak eta Karmelo Etxegarai Ikastolako haur eta gaztetxo guztiek parte hartzen dute irratian, gelan prestatzen dute irratsaioa, eta astelehena eta asteartetan orduerdiko saioa egiten dute zuzenean, goizeko hamarretatik aurrera. Gero, eguerdiko ordubatean, goizean grabatutako irratsaioa berriro ematen dute. Idoia Agirre irrati arduradunaren esanetan, «hiru urtetik hasi eta seigarren maila arteko ikasle guztiak pasatzen dira irratitik, Urrestillakoak ere bai. Txikienek, haur hezkuntzakoek egun batean irratsaio bat egin ohi dute. Tartean saio bereziak ere egiten dira, ipuinak antzeztu, gonbidatuak ere izaten dira, herrian ezagunak diren hainbat pertsona elkarrizketatu izan dira». Irratsaio guztiak, grabatu eta artxibatuta gelditzen dira ikastolan. Bestalde, ikastolako gela guztietan irratia dute, eta gelakideak irratsaioa egiten ari diren bitartean gainontzekoek gelan irratsaioa entzuten izan ohi dira.

Iaz, astelehen gauetan ikastetxeko ikasle ohiek ere egiten zuten irratsaio bat eta orain hiru urte gurasoek euren irratsaioa zuten larunbatetan. Aurten, oraindik horrelako saio berezirik ez da irratian. Hala ere, irratiak hasi berri du aurtengo ikasturtea.

Irrati topaketak

Orain dela bi urte, Txalaparta irratian Eskolarteko Irrati Topaketak egin zituzten. «Dozena bat ikastetxe bildu ginen, saio berezi bat egin genuen denon artean, goiz oso bateko irratsaioa izan zen. Berriro egitekotan gelditu ginen, baina beste inor ez da ausartu antolatzera», dio Idoiak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak