Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Abendua »  Kontseilua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara : Herriko eragileak inplikatu nahi dira euskalduntze prozesuan

Kontseiluak Azpeitia hautatu du herrietako plangintzarako

Uztarria

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskal Herriko euskalduntze plangintzarekin segitzeaz gain, herrietakoari ere ekingo dio. Oraingoz hamabi hartu ditu esperientzia pilotu gisa, eta Azpeitian da horietako bat. Azpeitiko euskalgintza osoa bat egina dago, eta udalak eta gizarte eragile batzuek ere izena emana dute.

Pozik egoteko moduan da Azpeitia euskarari dagokionez; izan ere, Kontseiluak Azpeitia aukeratu egin du herrietako euskalduntze plangintza aurrera eramateko. Kontseiluak aurrera darama Euskal Herriko plangintza, «arrakastaz», eta orain herrietakoari ekingo dio.

Hasiera batean, ordea, esperientzia pilotu gisa herri bakar batzuk hartzea erabaki du Kontseiluak. Hala, herriei deialdia luzatu zien irailean, baldintza batzuk eskatuz. Herri bakoitzeko euskalgintzak hautagaitza aurkezteko erabakia hartzea zen lehen baldintza. Azpeitian ez da dudarik egon. Gainera, euskalgintza bera ez zen irailean hasi biltzen, udaberri aldera baizik, hain justu Kontseilua bera Euskal Herri mailako plangintza azaltzera etorri zenean. Geroztik herrian euskarak daukan egoerari buruz hitz egin da, irailean Kontseiluaren proposamena iritsi zen, eta egokia iruditu eta sinadurak biltzeari ekin zion euskalgintzak —Kontseiluak hasieratik esan izan du herrietako bere kontaktua euskalgintza dela—. Hala, euskalgintza osoak sinatu du Azpeitiko hautagaitza: Karmelo Etxegarai Ikastola, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI, Ikasberri Ikastola, Betharram Ikastetxea, Iraurgi Ikastexea, Jesusen Alabak Ikastetxea, Milagrosa Ikastetxea, Uztarria Kultur Koordinadora, AEK, EHE, Udal Euskaltegiko langileak eta Erniarraitz Bertso Elkarteak. Ondoren, eta Kontseiluak hala eskatzen zuelako, Azpeitiko Udalarengana jo zuen euskalgintzak, eta udalak ere sinatu zuen, ondorengo asteetan gauza batzuk hitz egin beharko direla zioen arren. Herriko gizarte eragile garrantzitsu bakar batzuen babesa ere eskatu zuen Kontseiluak, eta Azpeitian ELA, LAB, EHNE, Euskadiko Kutxa, Danona Kooperatiba eta Alde Zaharreko Merkatariak eragileen sinadura lortu zen.

Azaroaren 14an jakinarazi zuen Kontseiluak bere erabakia, eta Azpeitiarekin batera, Altza, Arrasate, Eibar, Galdakao, Markina, Ondarroa, Ordizia, Sakana, Santurtzi, Sara eta Tolosaldea ere hautatu ditu. Kontseiluak euskalgintzaren inplikazioa eta bitarteko ekonomikoak bermatzea eskatzen die herriei. Orain Zuzendaritza osatuko da, langileak hartu, eta herriko gizarte eragileak gonbidatzen eta inplikatzen hasi. Bai Euskarari Akordioa sinatzea ere aurreikustean da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak