Iritzia
: Akuilua
Zeruari begira
Fernando Morillo
Lauzpabost lagun geunden, izarrei begira eta ametsak zenbatzen. Laino triste bat zebilen zeruan, galduta.
«Neska batekin irteten hasi nauk», aitortu zuen batek. «Joño, eta?». Oso gustura omen zegoen. Asko gustatzen zitzaion, ezin hobeto konpontzen ziren biak... eta abar eta abar. «Orduan?», harritu ginen, bere tonua ez baitzen alaiegia. Serio jarri zen bat-batean: «Maitasuna benetan existitzen dela uste al duzue?». Barre egin genuen. Berehala isildu ginen, ordea, egiatan ari zela konturatu baikinen. Ez zuen inork hitzik egin.
Uste dut ohartu ginela, zenbait galdera erantzuteko ausardia galduta genuela jada. Telebistei, fakturei, modernitateei, gure ametsak lapurtzen utzi geniela. Uste dut ohartu ginela, hori, hiltzea bezala zela. Eta mugitzen ez baginen, berdin jarraituko genuela. Noraezean. Zeruan zebilen laino triste hura bezala.
|